Zer da COVID-19a?

Zer da koronabirusa?

Koronabirusak animalietan zein gizakietan aurkitzen diren birus familia zabal bat dira. Batzuek gizakia infektatu egiten dute, eta hainbat gaixotasun eragin ditzakete, hala nola, hotzeria arrunta; gaixotasun larriagoak ere badaude, hala nola, ‎ Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (Sras).

Nola hedatzen da birusa?

Nahiz eta ez den zehazki ezagutzen, antzeko birusek eragindako beste infekzio batzuekiko analogiagatik, badirudi kutsatutako animaliekiko kontaktuaren bidez edo gaixoaren eztularekin eta doministikuarekin sortzen diren arnas jariakinekiko kontaktu estuaren bidez transmitituko litzatekeela. Sekrezio horiek beste pertsona bat kutsatuko lukete haren sudurra, begiak edo ahoa ukituz gero.

Zer egin dezaket babesteko?

Garbitu eskuak sarritan.

Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin. Bota zapia berehala eta garbitu eskuak alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile batekin edo ur eta xaboiarekin.

Eztula edo doministiku egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon gutxienez.

Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.

Eskuen ukitze-eremuetan garbitasuna areagotu, etxean zein leku publikoetan.

Zein dira sintomak?

Sintoma ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Kasu gehienak sukarra duen arnas infekzio bati dagozkio. Larritasun handiagoko kasu batzuk egon daitezke, oso gutxitan infekzioak pneumonia eragin dezake; kasu horietan, pazienteak arnasa hartzeko zailtasun handia du eta aire-faltaren sentsazioa, sukar altuarekin. Tratamenduari erantzuten ez dioten paziente larrietan, eta, bereziki, aurretik gaixotasunen bat badute, konplikazio larriagoak izan ditzakete, eta hil ere egin daitezke. Kasurik larrienak, normalean, adinekoetan ematen dira, edo beste gaixotasunen bat dutenen artean, hala nola bihotzekoak, birikak edo immunitate-arazoak.

Zer egin dezaket sintomak baditut?

Arrisku eremu batera bidaiatu badut, ez joan osasun-zentrora, etxean geratu, 900 20 30 50 telefonora deitu, eta beste pertsonengandik 2 metroko distantzia mantendu.

Arrisku-eremu batera bidaiatu ez badut, saihestu esparru itxietako ekitaldi kolektiboetara joatea edo zentro soziosanitarioak bezalako erakundeak bisitatzea.

Informazio gehiago

Birusari, hura zabaltzeko moduari, sintomei, gu babesteko gomendioei eta abarri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus plataformara.

Sar zaitez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren "COVID-19 koronabirus berria" atalean.