Euskera

UDAL ERABILERA PLANA

Udalak daukan plana euskara udalaren barneko lan-hizkuntza izan dadin, eta herritarrei ematen dizkien zerbitzuetan zerbitzu-hizkuntza izan dadin. Horren barruan honakoak landu dira azken hileotan:

1.1.- Langileen formazioa

Udalak euskarazko formazioa ematen dizkie nahi duten langileei, idazmena eta mintzamena lantzeko.

1.1.1.- Idazmena lantzen hiru talde aritu dira 2019an.

1. taldea. Hiru urteko prozesua burutu du. 2017an 7 lan saio egin ziren; 2018an 5 lan saio; eta 2019an 4 lan saio.

2. taldea. Bi urte egin ditu. 2018an 7 lan saio; eta 2019an 5 lan saio. 2020a izango da azken urtea.

3. taldea. Urte bat egin du. 2019an 7 lan saio. Bi urte falta dituzte. Hiru urteko plangintza amaituta, banan-banako laguntza eskainiko zaie langileei, eguneroko jardunean erabiltzen dituzten idazlanekin laguntzeko.

1.1.2.- Mintzamena lantzeko taldea. Langile batzuek, dagokien Hizkuntza Eskakizuna izan arren, ez dute ohiturarik izan euskaraz egiteko. Horiei mintzamena lantzeko saioak eskaintzen zaizkie. Helburua trebatzea ez ezik, euskaraz egiteko konfiantza hartzea ere bada. Talde bat dago.

1.2.- Dokumentuak euskaratu.

Langileei baliabideak eman behar zaizkie lana euskaraz ere egin dezaten. Hori dela eta, eguneroko jardunerako behar dituzten inprimakiak euskaraz jarri behar dira. Azken hileotan Enplegu bulegoan erabiltzen dituzten inprimakiak euskaratu dira, eta udaltzainek GESPOL aplikazioan erabiltzen dituztenak ere bai.

1.3.- Euskararen erabileraren diagnosia.

2017an azken Udal Erabilera Plana eratu zenean, erabileraren diagnosia egin zen; horretarako, ahozko eta idatzizko erabilera neurtu zen, sailik sail. Bi urte igarota, 2019an, bigarren neurketa egin da. Erabilerak apur bat gora egin du sail guztietan, baina udaltzaingoan igoera nabarmena izan da.

EUSKARA SUSTATZEKO EKINTZA PLANA (ESEP)

Udalak herrian euskararen erabilera sustatzeko daukan ekintza plana.

3.1.- Hizkuntza Indartzeko Proiektua (HIP)

Amorebieta-Etxanoko eskola eta ikastetxeetan D eredua (euskara hutsezkoa) baino ez dago. Atzerritik edo estatuko beste lekuetatik datozen familien seme-alabak beste hizkuntza baten eskolarizatu dira; hori dela eta, ume horiei euskara ikasteko prozesuan laguntzeko HIP programa dauka udalak, 3-15 urte bitarteko ikasleentzat. Bi ikasturteko programa da, eta guztiz doakoa. 2019/2020 ikasturtean 63 ikasle ari dira HIP programan. Etxealdia hasi zenean etenaldia izan zuen programak, baina apirilaren 20tik aurrera gurasoekin hitz egin eta lanak posta elektronikoaren bidez bidaltzen zaizkie ikasleei.

3.2.- Mundu Bat Bertso.

Herriko eskola eta ikastetxeetan ahozkotasuna lantzeko programa da. Euskal Herriko eta Bizkaiko Bertsozale elkarteen bidez eskaintzen da, LH5, LH6 eta DBH1eko ikasleentzat. Etxealdia hasiz geroztik, lanak bidaltzen zaizkie ikasleei etxean egin dezaten, eta ikasturte amaieran egiten den zentro desberdinen arteko ikasleen topaketa egin beharrean, bideo grabazioak eskatuko zaizkie ikasleei.

3.3.- Iraileko Hizkuntza Campusak

Irailaren lehenengo astean, ikasturtea hasi aurretik, etxean euskaraz egiteko aukerarik ez duten ikasleei laguntzeko antolatzen diren campusak. Bi motatakoak izango dira: Kirol Campusa eta sormena lantzeko Campusa.

3.4.- Euskaraldia

Euskaraldia antolatzeko batzar eta prestakuntzan etenaldia izan da, baina Etxealditik Euskaraldira ekimenaren zabalkundea egin da sare sozialetan, jendearen parte-hartzea sustatzeko. Berbaldiak programan dabilen jendeari ere helarazi zaio.

3.5.- Berbaldiak programa Herriko jendeari euskara praktikatzeko ematen zaion aukera. Sei talde daude, aste birik behin elkartzen direnak. Etxealdiarekin eten egin da jarduera hau.

3.6.- BIKAIN ziurtagiria.

Euskara zerbitzuak laguntza eskaintzen die herriko enpresei euskara planak prestatzeko, eta BIKAIN ziurtagiria lortzeko ebaluazioa eskatu dezaten. Hiru komertzio ari dira prozesu horretan. Ikusmen optikak Erabilera Plana eta Hizkuntza Irizpideak prestatu ditu, eta ebaluazioa eskatuko du. Xiberu tabernak eta Gutierrez farmaziak Erabilera planaren lehenengo zirriborroa egin dute, zuzenketak egin zaizkie eta behin betiko bertsioa prestatzen ari dira.

3.7.- Sorgina Txirulina.

Guraso erdaldunak dituzten umeentzako ipuin-tailerrak dira. Gurasoetako batek parte hartu behar du umearekin batera, eta helburua euskararen transmisioa lantzea da, umeengandik gurasoengana. Sei tailer antolatu dira, urtarriletik ekainera. Hilean bat. Orain arte bi tailer burutu dira, eta falta direnak egiteko bide bi eskainiko dira:

➢ Bi tailer on-line egingo dira

➢ Bi tailer bideoan grabatuta ludotekaren bidez zabaltzeko

3.8.- Dirulaguntzak

Bi dirulaguntza mota ematen dira euskara arloan:

➢ Herriko elkarteei euskara sustatzeko jarduerak antolatzeagatik, eta komertzio arloan irudi korporatiboa euskaraz emateagatik

➢ Euskara ikasteagatik. Arlo honetan %80ko asistentzia ezinbestekoa da dirulaguntza eskatzeko; aurtengo egoeran, ordea, ez da parametro hori kontuan izango

3.9.- Gazteen arteko erabileraren ikerketa kualitatiboa.

Soziolinguistika klusterrak Amorebieta-Etxanoko gazteen arteko erabileraren ikerketa kualitatiboa egin du. Txostena apirilaren 27ko astean bidaliko dute. Aurreikusita dago horren eta Kale Erabileraren neurketaren aurkezpena egitea.

3.10.- Hezitzaileentzako eta gurasoentzako tailerrak.

Aurreikusita dago EBETE enpresaren bidez eskola orduez kanpoko hezitzaileentzako, jantokiko begiraleentzako eta gurasoentzako tailerrak antolatzea, gazteen arteko erabilera areagotze aldera.