martxoak 8

2009/06/15
Emakumeen Nazioarteko Eguna

 2013ko Emakumeen nazioarteko Eguna (Argazkiak)

XIX. mendearen amaierako Emakumeen Nazioarteko Mugimenduan du jatorria Emakumeen Nazioarteko Egunak.  Emakumeen botoa emateko eskubidearen aldeko borroka zen mugimendu haren helburua, aberastasun maila, ondasunak edo heziketa oinarri hartuta inolako murrizketarik egin gabe.

Clara Zetkin (1857-1933), Alemaniako emakumeen mugimenduaren buruzagia, izan zen ekimen hura nazioarteko ospakizun bilakarazi zuena,  Kopenhagen 1910ean gauzatu zen Emakume Sozialisten II. Nazioarteko Konferentzian aurkeztu baitzuen proposamena.

Emakume Langileen Egunaren lehenengo ospakizuna 1911ko martxoaren 19an izan zen, eta Austrian, Alemanian, Danimarkan eta Suedian ospatu zen. Botoa emateko eta kargu publikoetan jarduteko eskubideaz gain, lanerako eskubidea eta laneko diskriminazioen amaiera ere aldarrikatu zituzten orduko hartan.

Ondorengo urteetan egun diferenteetan ospatu zen Emakumeen Nazioarteko Eguna, herria zein zen, baina 1914an, emakume alemaniarrek proposatuta, martxoaren 8a aukeratu zen Alemanian, Suedian eta Errusian.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak martxoaren 8a hautatu zuen Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko 1977an, eta estatuak bultzatu zituen emakumearen aurkako diskriminazioa desagerraraztearen eta emakumeak gizarte-garapenaren prozesuan erabateko partaidetza izatearen aldeko baldintzak ezar zitzaten.