Udala

Andoni AgirrebeitiaHerritar hori:

Alkatetzatik, eta lerro hauen bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udaleko web gunera ongi etorria eman eta bertatik nabigatzera gonbidatu nahi zaitut.

Web gunea mundura irekitako leihoa da eta informazioa emateaz gain, gure arteko komunikaziorako lekua ere bada, udala zornotzar guztiengana hurbiltzeko asmoz. Egunean 24 orduz zabalik dagoen udal birtuala lortzeko bidean gaude.

Garena erakutsi nahi dizugu. Historian zehar gure udalerriak izan duen kokalekua dela eta, herria bidegurutze modukoa izan da eta horregatik, jatorri ezberdinetako pertsonak bizi dira gure artean. Amorebieta-Etxano harro dago bere historiaz eta bere ohiturez, eta, aldi berean, zabalik dago aurrerakuntzei eta bisita egitera datozen edota gurekin bizitzera geratzen diren guztion ekarpenak jasotzeko prest. Ildo horretatik, aldaketak etorkizunaren onerako eboluzioak dira, hau da, gero eta hobea izatea gura dugun etorkizunerako.

Web gune hau apurka-apurka hobetzen joatea nahi dugu. Bertan, honako hauei buruzko informazioa agertuko da, besteak beste: herritar guztien eskura dauden zerbitzuak, udala garatzen ari den proiektuak, gure azpiegitura eta jarduera ekonomikoa, datu historikoak, natur ingurune bikaina, bertako jendearen berezko izaera, toki interesgarriak eta herriko elkarteak.

Webgune honek lan-tresna izan nahi du zornotzar guztiontzat, udalak egin beharreko administrazio-kudeaketak erosotasunez egin ditzazuen, hala nola, errolda-ziurtagirien eskaera, lan-eskaintza publikoak, lehiaketei edo diru-laguntzei buruzko informazioa, eta abar.

Mende hasi berri honetan, teknologia berriek Internet jarri digute eskura, balio handiko tresna Amorebieta-Etxano mundu osora zabaltzeko eta gure herri abegitsua, bertako erakundeak, enpresak eta elkarte berritzaileak ezagutarazteko. Aukera horretaz baliatu gaitezen!

Andoni Agirrebeitia Abendibar

Amorebieta-Etxanoko alkatea