Jan Alai pintxo lehiaketa bueltan izango da datorren urriaren 6tik 9ra

2022/07/26
Ostalariek dagoeneko eman dezakete izena eta epea irailaren 9ra arte egongo da zabalik.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Jan Alai pintxo lehiaketa arrakastatsua antolatu du berriro, datorren urriaren 6tik 9ra bitartean. Pandemiaren ondorioz ekimena gelditu ondoren, lehiaketa dataz aldatu da, maiatzean egiten baitzen. Horrela, izena eman nahi duten ostalariek irailaren 9ko 15:00ak arte izango dute epea zabalik. Estibalitz Martiartu Enplegu eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzia pozik agertu da ekimenari berriro ekiteagatik eta udalerriko ostalaritzaren laguntza eskertu du: "Jan Alai tradizio bat da eta espero dugu aurreko edizioetako arrakasta bera izatea".
Lehiaketa ordutegia, goizez, 12:00etatik 15:00etara eta arratsaldez, 18:00etatik 21:00etara izango da. Udalak adierazi du parte-hartzaile bakoitzak erabakiko duela bere lehiaketako pintxoa ordutegitik kanpo zerbitzatu edo ez. Interesatuek www.amorebieta-etxano.eus eta www.ametx.eus webguneetan eta Zelaietako harreran eskura dezakete aurtengo deialdiari buruzko informazioa eta lehiaketarako izen-emate fitxa. Era berean, zalantzaren bat argitu nahi dutenek 946 300 650 telefonora deituz edo zelaieta@amorebieta.eus helbidera mezu bat bidaliz egin ahal izango dituzte kontsultak, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara.

Herri epaimahaia eta sariak

Martiartuk jakinarazi du sarietan aldaketa batzuk izango direla. Horrela, lehenengo saria epaimahai teknikoak emango du eta 1.000 eurokoa izango da. Bigarren saria herri-epaimahaiak aukeratuko du eta 1.000 euro gehi txapela izango da. Zerbitzari onenaren sariari dagokionez, aldaketak izango dira. Oraingo honetan, plakaz gain, 250 euroko diru-saria egongo da. Era berean, publikoari sari bat emango zaio; kasu honetan 500 euroak eskuratu ahal izateko, parte hartzaileek gune bakoitzeko hiru zigiluekin bete beharko dituzte txartelak. Bestalde, herri-epaimahaiak erabakiko du aurtengo Top 10a; hautatutako ostalaritza-establezimenduek diploma bat jasoko dute. Dendariak merkatari elkarteko kideek eta Iraunkor lehen sektorekoek ere beren sariak emango dituzte. Hala, Dendariak taldeak sari bat banatuko du dastatzen dituen pintxo guztien artean, eta Iraunkorrek, berriz, lehen sektoreko produktuekin egindako hiru saski zozketatuko ditu gutxienez hiru pintxo probatu eta liburuxkan hori ziurtatzen duen hiru zigiluak jarrita dituzten herritarren artean.