Amorebieta-Etxanoko historia

Administrazio politikoaz arduratzeko, bijaurle ziren Elizatean, Gernikako Batzar Nagusietan 29. jesarleku eta botua zutenak. Elizatea Bizkaiko Jaurerriko aberatsenetakoa zen, eta honela idatzi zuen Iturrizak XVIII. mendean: "Mendibaso ugariak zituen ikaskintzarako eta etxegintzarako materialak lortzeko, alustegiak, gaztainadiak, suetarako otardiak, eta karobiak, abereentzako larreak, sendabelarrak, zenbait iturri, eta Bilborantz jaisten den ibai urtsuaren gainean egurrezko ontzi-zubiak zituen, eta ez harrizkoak. Eta lur-ondasun handiko 149 baserriko auzotegia" Gai guzti horiek astean hirutan egiten zen Zubiaurreko azokan salerosten ziren. Baziren, gainera, iharduera handiko burdinolak ere, Astepeko Burni eta Altzairugintza, kasurako. Berez zituen baldintza horiez gain, bada beste faktore garrantzitsu bat Amorebieta ekonomiki garatzen lagundu duena, duen kokagunea hain zuzen ere, bide-gurutze garrantzitsua bait zen.

Andra Mari Eliza eraiki zenean, Bizkaiko Jaunak ziren haren zaindari, eta Gaztelarekin bat egin eta gero, erregeren esku pasatu zen zaindaritza. Eliza zaharkiturik eta erortzeko zorian zegoen. Juan II, Bizkaiko Jaunak, haren berriztapenerako eskualdirik ez zuenez, bere basailu zen Santxo Leivakori izendaturik zituen 2.800 marabediak kentzeko agindua eman zuen eta haiekin eliza konpontzeko. 1441ko Azaroaren 6an Juan II.ak berarizko agiria luzatu zion Eliza honi, onuradunek erret familiaren alde egunero, eta haien ondorengoen alde betierako meza bat ematearen baldintzapean, ordaindu beharreko al-zatiak eta errentak ordaintzetik salbuetsita geratzen zelarik. 1555ean hasi ziren Eliza berria eraikitzen eta 1608an inauguratu zen.

Bernagoitia
1599an berreraiki zen beste eliz-nagusia, Bernagoitiko San Miguel. 1544ean Ziortzako abadeak Marti Ruiz Abendañokori uzti zion zaindaritza, eta honek, urte batzuk beranduago, Prudentzio Abendaño Ganboako bere semeari utzi zion. 

Eliz-nagusi hauez gain baziren beste hainbat baseliza: Santa Luzia, San Juan Ofrendokoa, San Pedro Larrinetakoa, San Juan Gumiziokoa, San Urbano Pardokoa, Santa Krutz Izarangokoa, San Miguel Dudekoa, San Lorentzo Ibarrakoa, San Antonio Elgezabalgoa, San Martin Aranokoa, San Bizente Bediagakoa, Santa Krutz Austoakoa eta San Pedro Sarasuakoa.

Aurreko orrialdea                                                  Hurrengo orrialdea