Andra Mari Ikastolako HH5eko ikasleek sortutako artelanak ikusgai, Zelaieta Zentroan

2021/12/17
• Lorea Elkartearen `Tippia´ proiektuaren baitan sortu dituzte ikasleek artelanak. • Erakusketa abenduaren 23a bitartean egongo da ikusgai.

Amorebieta-Etxanoko Andra Mari Ikastolako HH5ko ikasleak artista bihurtu dira une batez: eurek sortutako artelanekin erakusketa dago ikusgai Zelaieta Zentroko erakusketa aretoan, abenduaren 23a bitartean. Erakusketa Lorea Elkarteak antolatu du, `Tippia´ proiektuaren baitan, eta helburu du, herriko gaztetxoek kultura bizitzaren erdigunean jartzea.

Transmisio hori lortzeko bidea izan da Loraldia Eskola. Hala, udazkenean, Andra Mari ikastolako ikasleek lau artista plastiko ezagutzeko aukera izan zuten: Eider Eibar ilustratzailea, Ainhoa Ortells margolaria, Elenea Mendizabal eskultorea eta Eriz Moreno argazkilaria. Eurekin batera, eta esperimentazioa, jolasa eta sormena uztartuz, sortu zituzten erakusketan ikusgai dauden artelanak.

Artelanak, sentimenduak adierazteko bidea
Egitasmo honetan egindako lanketaren bitartez haurrek ezagutu dute kulturak sentimenduak adierazteko balio duela, eta artelanak sortuz, sentimendu ezberdinak plazaratu daitezkeela. Kultura euren bizitzaren erdigunean jartzeko lanketa izan da, neska-mutilak kulturara erakartzeko beste modu bat.