Amorebieta-Etxanoko Udalak pirotekniaren erabilera arduratsua eskatzen du Urte Amaiera gauean

2020/12/30

Amorebieta-Etxano, 2020ko abenduaren 30a, asteazkena. Amorebieta-Etxanoko Udalak abenduaren 31eko gauerako deia egin nahi die herritarrei. Gabonetako jai hauetan, urte-amaierako gau honetan, pirotekniaren erabilera arduratsuari buruz informatu eta kontzientziatu nahi dugu eta aldi berean, horrek pertsonengan zein animaliengan eragiten dituen ondorio kaltegarriei buruz ohartarazi.

 Alde horretatik, gogorarazi nahi dugu piroteknia-materialaren salmenta, horniketa eta erabilera piroteknia-gaien eta kartutxoen erregelamenduak ezarritako moduan eta baldintzetan baino ezin dela egin. Erregelamendu hori urriaren 30eko 989/2015 Errege Dekretuak, piroteknia-gaien eta kartutxoen erregelamendua onartzen duenak, garatzen du. Hala, nahitaezko lizentziarik ez duten establezimenduetan material piroteknikoa saltzeko eta hornitzeko berariazko debekua ezartzen da eta era berean, araudian jasotzen da "berariaz debekatuta dagoela jendeari korrespondentziaz, telefonoz edo bitarteko informatikoen bidez saldu zaizkion produktuak bidaltzea. Produktuak nahitaez entregatu beharko ditu erosleak salmenta-lokalean ". Era berean, kartutxoen eta piroteknia-gaien saltzaileek beren produktuak merkaturatzeari uko egin ahal izango diote "edari alkoholdunen edo substantzia estupefazienteen eraginpean egon daitezkeela argi adierazten duten pertsonei".

 Indarrean dagoen araudiak material piroteknikoari buruzko lau kategoria ezartzen ditu, eta erabiltzeko gutxieneko adina 12 urtekoa da 1. kategorian, 16 urtekoa 2. kategorian eta 18 urtekoa 3. kategorian. 4. kategoria erabilera profesionalerako da. Udaltzaingoak araudi hau betetzen dela zainduko du.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ospakizunak eta herritarren ohiko bizimodua bateragarri egin behar direla gogorarazi nahi du. Horregatik, eta eragozpenik ez sortzeko eta pertsonen eta animalien atsedena eta lasaitasuna ez hausteko, herritarrei "gizalegezko jarrera arduratsua" eskatzen diegu. Petardoen, suzirien eta bengalen ondorioak gehien pairatzen dituzten pertsonak haurtxoak, adinekoak eta gaixoak dira batez ere. Animalien kasuan, batzuei, hala nola txakurrei, katuei eta hegaztiei, piroteknia erabiltzeak dardarak, takikardia, zorabioa, kontrola galtzea, izua eta heriotza ere eragin diezaieke. Eta, gainera, pirotekniarekin batera ateratzen den zalapartak etxeko animalien ihesa eta galbidea ere eragin dezake.

 Azkenik, ohartarazi nahi dugu petardo edo suziri bat gaizki erabiltzeak, osasun-arazo larriak eragin ditzakeela, hala nola, erredura desberdinak edo entzumen-arazoak.