Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera du Ogenabekoa kalea eta Gudari kaleko tartea urbanizatzeko obra

2021/11/08
• Lizitazio honek Ogenbarrenaren 3. fasean aurreikusitako proiektuetako bati dagokio. • Bigarren proiektuak Ixerango kaleko aparkalekuak urbanizatzea aurreikusten du.

Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera du Ogenabekoa kalea eta Gudari kalearen zatia urbanizatzeko obra, Ogenabekoa kalearen eta Ogenbarrena kalearen elkarguneen artekoa. Urbanizazio-proiektua Ogenbarrenaren hirugarren fasearen barruan dago; lizitaziora 1.347.000 eurora atera da, BEZa barne. Proiektu horrez gain, Ogenbarrena kaleko hirugarren faseak beste proiektu bat aurreikusten du: Ixerango kaleko aparkalekuak urbanizatzea.

 Ogenabekoa eta Gudari kaleko zatian hobekuntzak
Eremu hori urbanizatzeko obrak oinezkoentzako hiri-espazioaren balioa handitzea ekarriko du: oinezkoentzako zirkulazioa erraztuko du, espaloien zabalera handituko da, oztopoak eta zintarriak kenduko dira eta oinezkoen ibilbideak berdinduko dira. Obrari esker, eremu horretako estetikaren eta ingurumenaren kalitatea ere nabarmen hobetuko da: erabilera-espazioak handituko dira, eta landaredi eta zuhaitz elementu txikiak sartuko dira, auzoko gainerako eremuekin homogeneizatzeko. Era berean, hiri-multzoari kalitatezko azpiegiturak emango zaizkio, hala nola, argiak, hustubide-elementuak, saneamendua eta drainatzea, instalazio-sareak berritzea eta edukiontzien eta aparkalekuen eremua jartzea eta antolatzea. Eta aparkalekuekin jarraituz, Ixerango kalearen ondoko bideko aparkalekua ere berrantolatu egingo da.

43 aparkaleku berri Ixerangon
Ogenbarrenaren hirugarren faseak ere badu Ixerango kalean 43 aparkaleku berri egitea aurreikusten duen proiektu bat. Aurreikusita dago egungo espaloia eraistea, espaloi-lerro berri bat zintarri eta akaberekin egokitzea, eta kanpoko aparkaleku bat egitea galburu moduan, asfaltatua. Era berean, aurreikusita daude, baita ere, egun dauden argiak birkokatzea eta hustubidea, saneamendua eta drainatzea.