Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 25aren inguruan, bere gaitzespena adierazteko eta hausnarketara gonbidatzeko

2021/11/16
• Ekitaldi nagusia, kontzentrazioa eta Erakunde Adierazpenaren irakurketa, azaroaren 25ean egingo dira, eguerdiko 12:00etan, Udaletxeko plazan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, ohar honen bidez, azaroaren 25aren inguruan antolatutako programa aurkeztu nahi du, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltakoa. Egun hori dela eta, Andoni Agirrebeitia Abendibar alkateak eta Ainhoa Salterain Gandarias Berdintasun eta Gizarte Ekintzako zinegotziak gogorarazi nahi dute indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela, eta erakunde gisa duten konpromiso politikoa argia dela, indarkeria matxista lehentasuna izanik.

Andoni Abendibarrek azaldu duenez, azaroaren 25a bezalako egunek balio dute Udalaren jarrera berresteko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako gaitzespen irmoa adierazteko: «azaroaren 25a indarkeria matxista salatzeko eguna da, baina baita indarkeria hori ikusarazteko eguna ere. Ezin dugu ahaztu indarkeria matxista ez dela ekintza isolatu bat, egun jakin batekoa, gure gizartean oso errotuta dagoen jarduteko eta bizitzeko modu bat da. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeek Amorebieta-Etxanoko Udalaren baliabide eta babes osoa izan behar dute, izua atzean utzi eta bizitza berri bat askatasunean hastera  lagundu behar diegu».

Ainhoa Salterainek gogorarazi duenez, pandemiaren azken hilabeteek are gehiago gogortu dute tratu txarren egileekin bizi izan diren emakumeen eta LGTBI+ pertsonen egoera. Indarkeria bikarioa ere ardatz izan du azaroaren 25 honetan: «hau da gizonak emakumeari min egiteko duen modurik krudelenetako bat, betiere seme-alabak, gurasoak, egungo bikoteak eta seme-alabak bezalako hirugarren pertsonen bitartez; ezin dugu beste alde batera begiratu eta seme-alaba hauek bizitutakoa eta sufritutakoa aintzat ez hartu; hauek ere indarkeria matxistaren biktima dira».

Hausnarketarako programazioa
Aurtengo programazioari dagokionez, Ainhoa Salterainek azpimarratu du egun honen inguruan antolatutako ekitaldiek duten garrantzia, eta herritarrak animatu ditu hauetan eta elkarte feministek antolatutakoetan parte hartzera. Bestalde, azpimarratu, ekitaldi nagusia azaroaren 25eako izango dela: kontzentrazioa eta Erakunde Adierazpenaren irakurketa eguerdiko 12:00etan egingo dira, Udaletxeko plazan.

Hauek dira, egunez egun, 2021eko azaroaren 25aren inguruko egitaraua osatzen duten ekitaldiak:

AZAROAK 23
Liburu aurkezpena: `Cómeme la Flor´ Ainara. G Goitiandia. 18:30, Udal Liburutegia

AZAROAK 22-29
Argi moreak udaletxe aurreko iturrian, indarkeria matxista gaitzesten dela gogorarazteko

AZAROAK 25
Ekitaldi nagusia: Kontzentrazioa eta Erakunde Adierazpenaren irakurketa. 12:00, Udaletxeko plazan
Kontzertua: `Trio Sweet Margot´. 20:00, Zelaieta

AZAROAK 26
Gaztetxokoa: `A25 zapi moreak egiteko tailerra´, sexologia aholkularitza zerbitzuaren bitartez. 18:30.
Dantza ikuskizuna: `Hiru hitzetan´. 20:00, Zornotza Aretoan

ABENDUAK 1
Hitzaldia: `Nola hitz egin sexualitateari buruz gure seme-alabekin´ (Hezkidetza espazioa). 18:00, Nafarroa Zentroan.

ABENDUAK 3
Antzerkia: `Birritan bortxatua´. 20:00, Zornotza Aretoan