Amorebieta-Etxanoko Udalak Etxanoko pilotalekuko aldagelak eta komuna berregokitzeko obra esleitu du

2022/08/09
• Udalaren helburua da frontoiak egokitutako komuna izatea eta hondatuta dauden estaldurak konpontzea, egun izaten diren ur filtrazioak ekidin ahal izateko.

Amorebieta-Etxanoko Udalak esleitu egin du Etxanoko frontoiko komuna eta aldagela berregokitzeko obra. Lanak egiteko 79.535 euro inguruko aurrekontua aurreikusi du Udalak, eta hiru hilabeteko epean egina izatea espero da.

Etxano pilotalekuko egungo komun eta aldagelak, orokorrean, egoera ona dute, nahiz eta ez duten bainugela egokiturik; gainera, estaldurak hondatuta daude, eta tarteka ur filtrazioak izaten dira teilatutik. Hori horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak komuna berregokituko du, komun irisgarria eta egokitutako dutxa egiteko, eta aldagelari distribuzio berria emateko.  Hala, gune berriak izango ditu: sarrera zabalago bat, harraska industrial bat, haurrentzako aldagailua izango duen komun konbentzional bat, egokituak izango diren komun eta konketa bat, eta irisgarria izango den dutxa eta banku osagarri bat. Era berean, teilatu berri bat egingo da oraingo xafla iragazgaitzak, teilak eta euri-uren sistema ordezkatu ahal izateko.  

Instalazioen egokitzapenari dagokionez, berregokitze lanei esker ondorengo aldaketak aurreikusi ditu Udalak: ur hotzaren eta beroaren hornidura; euri-uren eta hondakin-uren hustuketa; argiztapen naturala eta artifiziala; larrialdietako argiztapena; larrialdietako sakagailua; elektrizitate-konexioak; eta aireztapen naturala eta mekanikoa. Bestalde, termo elektriko bat jartzea ere aztertzen ari da Udala, batez ere dutxarako ur bero sanitarioa lortzeko.