Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du produktu teknikoak biltzeko kanpainarekin

2022/11/16
• Kanpaina Udal BATek antolatu du, Laguntza Teknikoen Bankuak, hainbat Udalekin elkarlanean, eta helburua da produktu hauen beharra duten herritarrek ahalik eta epe motzenean eskuragarri izatea. • Amorebieta-Etxanoko Udalak dei egin du gurpildun aulkiak, taka-takak eta bestelako laguntza-produktuak emateko. Hauek mendekotasun egoeran dauden edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei mailegu solidarioak emateko erabiliko dira.

Laguntza Teknikoen Bankuak (Udal BAT) laguntza-produktu teknikoen bilketa masiboa antolatu du aurten ere Bizkaian, horien artean: gurpil-aulkiak, taka-takak, ohe artikulatuak, eskaren aurkako koltxoiak, etxeko garabiak, makuluak edo higiene-aulkiak. Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du kanpainarekin, mendekotasuna edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsona guztiek produktu horiek jasotzeko aukera izan dezaten, mailegu solidario gisa eta ahalik eta epe motzenean. Dohaintzen kanpaina azaroaren 15etik abenduaren 15era egongo da abian, 94 440 91 16 telefonoaren bidez edo bat@bultzatu.org helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

Bizkaia Aretoan egindako edizio berri honen aurkezpenean, Bultzatu Fundazioko presidente Inés Venerok artikulu hauek pertsonentzat eta familientzat duten garrantzia azpimarratu du: “muturreko egoera batzuetan ezinbestekoak dira, eta beste askotan pertsonen ongizatea hobetzen dute. Horregatik, mailegu-zerbitzuaren erabiltzaileen erantzuna esker onekoa, lasaitasuna sentitzen dute, produktu horien beharra berehala konpondu dezaketelako. Inesek adierazi du interes berezia dutela ohe artikulatuetan eta etxeko garabietan, gehien eskatzen dituzten produktuak direlako eta familientzat kritikoenak direlako. Era berean, Udal BATekin lan egiten duten Udal guztien apustua nabarmendu nahi izan du, herritarrei artikulu horien erabilgarritasuna bermatzen dietelako, haien egoera soziala edo ekonomikoa edozein dela ere: “garai hauetan, baliabide baliotsua da herritarrentzat estaldura hori izatea”.

Produktuen katalogoa handitzea
Horrela, artikulu hauetakoren bat egoera onean izan eta behar ez dutenei, Udal BATekin harremanetan jarri eta bizitza berri bat eman diezaieketela gogorarazten zaie. Bankuak, artikuluak baliozkoak diren aztertu ondoren, jaso, higienizatu eta prestatu egiten ditu, beste pertsona batzuek erabil ditzaten. Maileguak bankuko terapeuta okupazionalaren agindupean eta aholkularitzapean ematen dira. Laguntza-gaiak erabiltzaileei ematen zaizkie, eta, beharrezkoa bada, etxean bertan jartzen laguntzen da. Ondoren, Udal BAT arduratzen da sor daitezkeen gorabeherei erantzuteaz eta beharrezko mantentze-lanak egiteaz.

Kanpaina honen helburu nagusia da laguntza-artikuluen katalogoa zabaltzea, horrela, mailegu-eskaera gero eta handiagoei erantzun ahal izateko eta produktu horiek berrerabiltzearen eta behar dituztenen eskura jartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko. Hala, bai Amorebieta-Etxanoko Udalak, bai Udal BATek, jende askorentzat hain onuragarriak diren produktu hauen elkartasunerako eta aprobetxamendurako deia egiten dute.

Erantzun ona
Udal BATetik gogorarazi dute lehentasuna ematen diotela baliabide gutxien dituzten pertsonei, eta azpimarratu dute Euskadiko Desgaitasunaren Liburu Zuriaren arabera, Bizkaian desgaitasuna duten 40.000 pertsona baino gehiago daudela, 65 urtetik gorakoak, beren jarduera normaltasunez egin ahal izateko laguntza-artikulurik izan ez dutenak.

Amaitzeko, eta aurreko edizioei erreferentzia eginez, lortutako erantzun ona azpimarratu da; izan ere, aurreko bilketa-kanpainetan egindako 254 dohaintzei esker, 157 familiari eman zaie arreta eta 267 mailegu egin dira.

INFORMAZIO GEHIAGO