`Albuma´ antzezlana ikusgai ostiralean, euskal antzerki sortzaile berriei zubiak eraikiz

2021/11/09
• Zubi egitasmoaren V. Deialdiko emaitza da antzezlana, Formol Laborategiak ondua. • Antzezlana Zornotza aretoan izango da ikusgai, arratsaldeko 20:00etan; sarrerak eskuragarri daude sarrerakzornotzaaretoa.com orrian.

Euskal Antzerki sortzaile berriei laguntzeko helburuarekin sortu zen 2012 urtean ZUbi egitasmoa. Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoak eta Euskadi mailako beste bederatzi kultur gune edo taldek osatzen dute proiektua eta V. deialdiko emaitzarekin datoz oraingo honetan: Formol Laborategiak ondu duen `Albuma´ antzezlana. Gipuzkoa mailan egingo den estreinaldia ostegunean izango da, Azpeitian; Bizkaikoa aldiz, Amorebieta-Etxanon bertan izango da: ostiralean, arratsaldeko 20:00etan, Zornotza Aretoan. Gerturatu nahi duten herritarrek eskuragarri dute sarrera, sarrerakzornotzaaretoa.com web orrian.

Euskal antzerkia bultzatuz
ZUbi proiektua osatzen duten kideek urteak daramatzate euskal antzerki sorkuntza profesionalaren egoerari buruz hausnartzen: kezkak, usteak eta iritziak elkar-trukatzen. Urte hauetan guztietan hainbat neurri hartu dituzte egoera aldatze aldera eta sortzaile berriek profesional izateko dituzten zailtasunak arintzeko nahiarekin. Hala, ZUbi proiektuak helburu du euskal antzerki sortzaile berriei bultzada ematea, eta bertako kideek aukeratutako proiektuei babesa ematea. Aipatu bezala, Zornotza Aretoaz gain, proiektuko kide dira Durangoko San Agustin Kulturgunea, Barakaldo Antzokia, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba, Elorrioko Arriola Antzokia, Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunea, Zumaiako Aita Mari Antzokia eta Artedramak Antzerki Arte Eszenikoen Plataforma. Hauen guztien laguntza klabea da aholkularitza artistikoari eta administratiboari dagokionean. Horrez gain, guztien artean sormen egonaldiak ahalbidetzen dituzte, ekoizpenerako diru ekarpenak egiten dituzte eta areto bakoitzeko emanaldi bat kontratatzen dute.

Euskal eszenatokietan estreinatzear den `Albuma´ antzezlanak ibilbide oparoa du aurretik, momentuz, ondorengo data eta herrietan:

  • Azaroak 11, Azpeitia (Estreinaldia, Gipuzkoan)
  • Azaroak 12, Amorebieta-Etxano (Estreinaldia, Bizkaian)
  • Abenduak 3, Oñati
  • Abenduak 5, Lesaka
  • Abenduak 6, Durango
  • Abenduak 12, Luhuso
  • Abenduak 17, Oion
  • Abenduak 19, Usurbil
  • Urtarrilak 28, Zumaia
  • Otsailak 12-13, Donostia
  • Martxoak 12, Hendaia

Orain arteko ibilbidea
Bost antzezlanek izan dute Zubi egitasmoaren babesa 2013az geroztik:

  • 2013an, Dxusturi  Teatroren `Konpota´ antzezlanak
  • 2015ean, Lauka Teatroren `Amodioaren ziega´ antzezlanak
  • 2017an, Beheko Larraineren `Atte hil aurretik´ antzezlanak
  • 2018an, Benetanbe Konpainiaren `Inondik inora´ antzezlanak
  • 2019an, Rubik Konpainiaren `Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak´ antzezlanak