`Zuri-beltzeko erretratua´ erakusketan Uztargi.klik elkarteko bazkideek ateratako argazkiak izango dira ikusgai

2022/04/01
• Erakusketa Zelaieta Zentroko Erakusketa Gelan egongo da apirilaren 4tik 29ra. • Jon Usual argazkilariak argazkigintzari buruzko hitzaldia eskainiko du apirilaren 29an, 19:00etan, Auditoriumean; sarrera debalde izango da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak erakusketa antolatu du Uztargi.klik elkarte zornotzarrarekin batera; Zelaietako Erakusketa Gelan egongo da ikusgai, apirilaren 4tik 29ra. `Zuri-beltzeko erretratua´ izeneko erakusketa 24-26 argazkik osatzen dute, guztiak elkarteko kideek egindako erretratuak dira, zuri-beltzean ateratakoak. 

Erakusketaren harira, Jon Usual argazkilariak hitzaldia emango du argazkigintzaren arteaz eta teknikaz jakin-mina duten guztiei zuzendua. Datorren apirilaren 29an izango da, 19:00etan, Zelaieta Zentroko Auditoriumean; sarrera doakoa izango da.

Amorebieta-Etxanon argazkilaritza sustatzea helburu
Uztargi.klik elkartea Amorebieta-Etxanon sortu zen, herritarren artean argazkigintza sustatzeko asmoz. Elkarteak ateak zabalik ditu kide berrientzat; maiz elkartzen dira, egindako argazkiak partekatu eta guztien artean komentatu ahal izateko. Irteerak ere egiten dituzte, gai espezifikoen inguruan argazkiak ateratzeko; eta urtean zehar lehiaketa eta erakusketa ezberdinak ere antolatzen dituzte.