Zubiondo parkeko skatepark berria lizitaziora atera du Amorebieta-Etxanoko Udalak

2021/12/30
• Pista berria egungo skateparkearen lekuan eraikiko da, inguruko berdeguneetara zabalduz. • Obra 282.000 euro inguruko aurrekontuarekin atera da lizitaziora. 4 hilabeteko epean eginda egotea aurreikusi da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera du Zubiondo parkean skate pista berria eraikitzeko obra. Obra 282.000 euro inguruko aurrekontuarekin atera da lizitaziora, eta egikaritze-epea 4 hilabetekoa izatea aurreikusten da.

Pista berria egungo skateparka dagoen leku berean eraikiko da, eta inguruko berdeguneetara zabalduko da. Eremuaren gehieneko erabilera neurriak 65x25 metrokoak dira, 1200m2-ko azalera osoarekin; okupatutako azalera 900m2-koa izango da gutxi gorabehera. Gainera, berdegunean atzeraemangune batzuk izango ditu, irristatze-eremua eta oinezkoena bereizi ahal izateko. Skatepark berriak, beraz, eremu osoa hartuko du, eta ezin hobeto integratuko da egungo urbanizazioan.

 Skateboarding modalitate nagusiak praktikatzeko aproposa
Pistaren ezaugarriei dagokienez, instalazio oso bat egingo da bertan skateboardingaren bi modalitate nagusiak praktikatu ahal izateko: street eta park modalitateak, hain zuzen ere. Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak erantzuna emango die tokiko erabiltzaileek adierazitako lehentasunei.

Diseinuari dagokionez, instalatutako elementuak ezberdinak izango badira ere, guztiak skatepark bakar eta oso batean integratuko dira. Skatepark horri esker, patinatzeko linea guztiak erabili ahal izango dira: egokia izango da hasiberrientzat zein esperientzia handiagoko erabiltzaileentzat.