Zornotzarrak Korrika, euskararen alde!

2022/04/01
Korrikaren 22. edizioa goizaldeko 03:30ak pasata iritsi zen Amorebieta-Etxanora.

Eguraldia eta ordutegia ez dira aitzakia izan gaur goizaldean. «Ttipi-Ttapa, ttipi-ttapa Korrika» oihupean, 03:30ak pasata sartu da Korrikaren 22. edizioa Amorebieta-Etxanoko kaleetan. Euskararen normalizazioaren alde, bi urtetik behin AEK euskaltegiak antolatzen du Korrika, eta Amorebieta-Etxanon, Udalaren eta herriko eragile eta talde ezberdinen laguntza eta babesa jaso du. Ehundaka izan dira goizaldean, euskararen aldeko konpromisoa berretsi duten zornotzarrak.

Atzo, martxoaren 31n eman zituen aurreneko pausuak Korrikak. 11 egunez, eskuz esku, herriz herri, kilometroz kilometro ibiliko da ikurrina tontorrean duen testigua, Euskal Herriko herri gehienak zeharkatuz. Donostia izango du helmuga, apirilaren 10ean. Andoni Agirrebeitia Abendibarrek, Amorebieta-Etxanoko alkateak adierazi duen  moduan, Udalak bat egin du Korrikaren mezuarekin, eta euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun aktiboak behar ditu: «Udalaren konpromisoa argia da euskararekiko. Gure eginbeharra da euskara indartzea, behar duen lekua ematea eta herritarren esku beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzea. Bide horretan jarraituko dugu lanean. Gu gara euskararen etorkizuna, eta ekinez, hitz eginez, egingo du aurrera».