Zornotzako Udaleko ordezkariek harrera egin zioten atzo Amorebieta Kirol Elkarteari

2021/05/26
Andoni Aguirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkateak eskerrak eman zizkion klubari bere balentria goraipatuz: "Lortu duzuena ikaragarria izan da. Aurretik garaipen garrantzitsuak bizi izan genituen, Manacorrena kasu (2011n Bigarren B Mailara igo zirenean), baina larunbatekoa berezia izan zen Badajozekoek ez zizutelako ezer oparitu ", azpimarratu zuen alkateak.

Amorebieta-Etxano, 2021eko maiatzaren 26an, asteazkena. Zornotzako Udaleko ordezkariek harrera xumea egin zioten atzo Amorebietako Kirol Elkarteari joan den asteburuan lortutako balentriaren ondoren. Coviden aurkako protokoloaren ondorioz, herritarrak ez ziren ekitaldira gonbidatu. Bertan izan ziren Jon Larrea presidentea eta Zuzendaritza Batzordeko beste kide batzuk, Asier Goiria kirol zuzendaria, Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzailea eta Iker Seguin, Mikel Alvaro eta Aitor Arregi jokalariak.

Andoni Aguirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkateak eskerrak eman zizkion klubari bere balentria goraipatuz: "Lortu duzuena ikaragarria izan da. Aurretik garaipen garrantzitsuak bizi izan genituen, Manacorrena kasu (2011n Bigarren B Mailara igo zirenean), baina larunbatekoa berezia izan zen Badajozekoek ez zizutelako ezer oparitu ", azpimarratu zuen alkateak.

Jon Larreak, bere aldetik, "jasotako babes guztia" eskertu nahi izan zion alkateari, eta kapitainek sinatutako kamiseta bat eman zion. Asier Goiriak, berriz, gogorarazi zuen "covidaren ondorioz igaro dugun urte eta erdi txarraren ondoren, zornotzarrek gutxienez poz handia hartu dutela gurekin".