Zornotzako Musika Bandak sei kontzertu antolatu ditu atzoko eta gaurko kantuekin

2022/11/09
Aurreneko emanaldia larunbatean izango da, 20:00etan, Zornotza Aretoan, eta zinemaren gaurko eta betiko izenburuen doinuak ekarriko ditu gogora.

Zornotzako Musika Bandak 2022-2023 kontzertu denboraldi berria aurkeztu du gaur Amorebieta-Etxanoko Udalarekin batera. 'Musika atzo eta gaur' izenburupean, sei emanaldi antolatu ditu azaroa eta uztaila bitartean.

Aurkezpenaren hasieran, Luciano Martínez Kultura eta Kirol zinegotziak azaldu du garrantzitsua dela Amorebieta-Etxanok Musika Banda propioa izatea: “badakit hastear den denboraldi berri hau, aurrekoen antzera, ilusioz eta gogo handiz prestatu dutela Aritz Labradorrek eta Zornotzako Musika Banda osatzen duten musikari talde osoak. Joan den urteko aurkezpenean, zuzendari eta presidentea denak esan zigun, bere sorreraren ondoren, Banda pixkanaka hazten ari zela, bere espazioa hartuz zihoala. Gaur aurkeztuko duen programazioak erakusten du, dagoeneko talde sendoa dela eta horren adierazle da urte osoan zehar musika eta kulturaren alde egiten duen lan guztia”.

Aritz Labrador Zornotzako Musika Bandako zuzendari eta presidenteak azaldu duenez, ikasturte honetarako aurreikusitako programazioak helburu izango du ikusleak denboran zehar bidaiatzea:  “kontzertu bakoitzak bere gaia izango duen arren, guztietan egungo kantuez eta urteetan zehar ezagun bihurtu diren kantuez gozatu ahal izango da. Denboran zeharreko bidaia izango da. Gainera, kontzertu gehienetan artista gonbidatuak izango ditugu, eta horietako asko eta asko zornotzarrak izango dira”. Izan ere, Labradorrek azaldu duen bezala, programatutako sei kontzertuetatik bost itxita daude: “azken kontzertua, denboraldiari amaiera emango diona, berezienetako bat izango da, urtero bezala, herriko Karmen eta Santanatxu jaietan eskainiko baitugu”.

‘Zinema atzo eta gaur’
Lehenengo kontzertua azaroaren 12an izango da, larunbatean, eta zinea izango da gai nagusia: “lehen kontzertu honetan zinemako egungo eta betiko izenburu ezagunenen musikez gozatzeko aukera izango dugu. Bandaren agerraldi hau ezberdina izango da: film ospetsuenen doinuekin batera, joko interaktibo batera jolasten arituko baita publikoa… eta gainera, saria ere egongo da!”. 

Data: 2022ko azaroaren 12a | 20:00 
Lekua: Zornotza Aretoa

‘Atzoko eta gaurko klasikoak’
Labradorrek azaldu duenez, bigarren hitzordua abenduaren 17an jarri du Bandak, eta bertan atzoko eta gaurko klasikoak izango dira protagonista: “bigarren kontzertu honetan, Bandak pop-folk-rock klasikorik ezagunenak aurkeztuko ditu. 80ko hamarkadatik orain arte, nazioartean arrakasta izan duten abestietatik hasi eta Euskal Herriko egungo musika-panoramako piezarik ospetsuenetaraino. Eta herriko kantari gazteek lagundutako emanaldia izango da: Eider Etxeandia, Jon Castañeda, Joanes Zeberio eta Ariane Cagno”.

Data: 2022ko abenduaren 17a | 20:00
Lekua: Zornotza Aretoa

‘Pianoa atzo eta gaur’
Hirugarren kontzertuan, pianoa izango da instrumentu protagonista: “pianoaren doinu klasikoetatik gaur egunera arteko bidaia eskaintzen digu Bandak, Ander Marzana piano jotzaile bilbotarrarekin batera. Hau aukera paregabea izango da tekla bakoitzean emozio ezberdinak entzun eta sentitzeko; oraingoan, Zornotza Aretoko kola piano handiak bertako Musika Banda izango du aldamenean”.

Data: 2023ko otsailaren 25a | 20:00 
Lekua: Zornotza Aretoa

‘Banda atzotik gaur arte’
Udaberriko aurreneko kontzertua apirilean izango da, eta emanaldian Bandarako errepertorio klasikoaren egile garrantzitsuenak bisitatuko dira: “atzotik gaur arteko errepasoa egingo dugu, bertako egileetatik hasi eta nazioarteko musikagileetaraino, besteak beste: Philip Sparke, eta bere klarinete kontzertua, Bilboko Musika Bandako kide den Rafael Climent klarinete jole valentziarrarekin batera”.

Data: 2023ko apirilaren 1a | 20:00 
Lekua: Zornotza Aretoa

‘Atzoko aldapeko, gaur’
Jazzak Euskal Herrian izan duen hazkundea eta influentzia ere landuko du Zornotzako Musika Bandak musikaren bidez: “Aldapeko Basque Latin Jazz talde gonbidatua izango dugu oholtza gainean bandarekin batera, gure betiko melodiak jazz estilo berritu eta fresko batean aurkezteko”.

Data: 2023ko ekainaren 10a | 20:00 
Lekua: Zornotza Aretoa