Zornotzako Musika Banda jaio da Amorebieta-Etxanon

2019/06/05
• Banda berriak lehenengoz ekainaren 15ean joko du, Zornotza Aretoan, 19:30ean. • 43 urte pasatu ostean, musika banda bat izango du berriro herriak.

Amorebieta-Etxano, 2019ko ekainaren 5a. Amorebieta-Etxanok musika banda berreskuratu du eta Zornotzako Musika Banda jaio da Aritz Labrador zuzendari lanetan arituko delarik.  Lehen egoten zen moduan, Amorebieta-Etxanoko bizitza sozialean parte hartuko lukeen musika banda bat izatea da helburua.

Prestaketa lanetan hainbat hilabete igaro ondoren, datorren larunbatean, ekainaren 15ean, Zornotza Aretoan joko du bandak lehenengo aldiz. Taldea osatzen duten hogei musikari inguruk, Euskadi guztiko musikariekin batera, errepertorio zabal bat joko dute aurreko bandari omenaldi bat egiteko eta bertsio berriztua entzun ahal izango da.

1903an hasi zen proiektu bati berriro ekiten zaio horrela. Orduan ehun bat zornotzarrek osatzen zuten domeka eta jaiegunetan kaleak girotzen zituen herriko musika banda. Musika banda kultur elementu garrantzitsua izan da Amorebieta-Etxanoko eguneroko bizitzaren historian, kalejirak, erromeriak edo antolatutako kontzertuak dinamizatzeko izan duen gaitasunarengatik.  Banda berriak, hasiera batea egiten zuen lanaz gain, orain elementu berritzaileak izango ditu eta horrela, eragile sozial, kultural, pedagogiko eta artistiko-musikala izan nahi du.

1976an herriko banda desagertu zen. Hala ere, Amorebieta-Etxanok musika protagonista den ekintzak bultzatzen jarraitu du. Ildo honetatik, hitzordu finkoak dira Haizetara edo Eleizetara bezalako herri mailako eta nazioarte mailako onarpena duten jaialdiak, Zornotzako Zubiaur Musika Eskolak antolatutako kontzertuak edo jaietako edo Gabonetako kontzertuak, beste batzuen artean.  Ekintza guzti hauek Amorebieta-Etxano kultura eta musika arloan lehenengo ilaran egotea ekarri dute.

Denontzako musika eskaintza

Musika banda berriak, Amorebieta-Etxanoren kokapen geografikoak eta Musika Eskola berriaren proiektuak, aukera emango dute herria agertoki paregabea bihurtzeko herrikoentzat eta ingurukoentzat, musika ikasten hasten direnean, beraien prestakuntza jarraitzen dutenean edo ikasketak amaitu ondoren irteera bat izan dezaten eta musikaren munduan sartu nahi dutenek, arlo hori garatzeko espazio bat izan dezaten.

Zornotzako Musika Bandan instrumentu hauek egongo dira: saxofoia, klarinetea, txirula, oboea, fagota, tronpa, tronpeta, tronboia, tuba eta perkusioa. Puntuan-puntuan pianoa, harpa, txistua, trikitrixa edo besteren batzuk ere batuko zaizkie esandakoei.