‘Zornotzako ahotsak’, Amorebieta-Etxanoko euskarazko ondarea zabaltzeko grabazio berrien aurkezpena

2014/10/14
• Ondare ordezkaezinaren galera eragozteko, 2003an sortu zen Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren atala da ekimen hau.

Amorebieta-Etxano, 2014ko urriaren 14a. “Zornotzako Ahotsak” proiektuaren barruan egin diren azken grabaketen aurkezpena izango da bihar, arratsaldeko 19:00etan Zelaieta zentroan.
Gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso, eta herritarren artean zabaldurik,  ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea xede duen Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren atala da ekimen hau. Fase honetan herriko hogeita hamalau edadeko pertsonari egin zaizkie elkarrizketak, eta bideoan grabatu,  euren antzinako pasadizoak, ohiturak eta bizipenak bildurik. Lehenago egindako beste elkarrizketa batzuekin batera daude eskuragarri kontsulta egin nahi duten guztientzat (www.ahotsak.com/amorebieta-etxano).

Euskal Herriko Ahotsak
Badihardugu elkarteak sustatutako proiektua da Euskal Herriko Ahotsak. 2003an ekin zioten egiteko honi, azken belaunaldietan euskarazko ahozko transmisioan geratutako kolapsoari aurre egin nahian; izan ere, eragin izugarria jasan dute hala ondare tradizionalaren transmisioak (tradizioak, erritoak, usadiozko lanbideak, etab.) nola azpi-euskalkien biziraupenak. Azken 50 urteotan euskara estandarra edo batua nagusituz joan den neurrian, hainbat izan dira galtzeko zorian gertatu diren euskal hizkuntzaren eta kulturaren ondare-elementuak. Galera hori ekidin nahia izan da Amorebieta-Etxanoko Udalak elkarte honekin izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren zioetako bat.