Zinea, asteburuko kultura agendaren protagonista nagusia

2021/02/19
“Vacaciones contigo… y tu mujer” kutsu erromantikoko komedia, 'Yugo eta Lala' euskarazko animazio-zinta eta “Cómo sobrevivir en un mundo material” drama izango dira asteburu honetan ikusgai egongo diren filmak.

Amorebieta-Etxanon, 2021eko otsailaren 19an, ostirala. Zinema komertziala izango da beste behin asteburuko kultur agendako protagonista. Oraingo honetan, "Vacaciones contigo y tu mujer" komedia frantsesak irekiko du ikuskizun saila. Caroline Vignalek zuzenduriko komedia erromantiko kutsuko film original eta bitxi honetan, Antoinette eskolako irakaslea da eta udako oporraldi luzea noiz iritsiko zain dago, Vladimir bere ikasle baten aita maitale sekretuarekin batera. Filma gaurtik astelehenera izango da ikusgai Zornotza Aretoan, 19: 00etan.

Haurrentzako zineari dagokionez, igandean, 12:00etan, 'Yugo eta Lala' animaziozko euskarazko zinta proiektatuko da. Yugo neskatila ausarta da eta aitarekin eztabaidan aritu ostean, etxetik ihes egin eta animaliak bizi diren lainoetako mundu fantastiko batera alde egingo du. Bertan, Lala eta osaba Hartza lagun zaharrekin elkartuko da. Baina gauzak aldatu egin dira eta lekua arriskuan dago. Profezia zahar baten arabera, urak lehortu egingo dira eta biztanleak txikitu. Hiru lagunak erreinua salbatzeko abentura fantastikoan murgilduko dira arrisku ugariri aurre eginez.

Azkenik, "Como sobrevivir en un mundo material" filma asteartean izango da ikusgai Zornotza Aretoan, 19: 00etatik aurrera. Drama honetan, Theresa (Debra Winger) eta Robert (Richard Jenkins) 26 urtez euren alaba bakarra den Old Dolio (Evan Rachel Wood) prestatzen aritu diren iruzurgile profesionalak dira. Gaizki planifikatutako eta etsipenezko kolpe batean, familiak ezezagun bat (Gina Rodriguez) konbentzitzen du bere hurrengo iruzurrarekin bat egin dezan, zalantzarik gabe, bere mundu guztia hankaz gora jarriko duena.