Zelaieta Zentroko auditorioak Asisko Urmenetaren “Sugarren Mende” liburuaren inguruko hitzaldi ilustratua hartuko du

2021/05/25
Hitzaldia datorren ostegunean, maiatzaren 27an, ospatuko da eta plazak mugatuak direnez, parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea Zelaieta Zentroko harreran. • Duela 410 urte Espainiako Inkisizioaren auzitegiak Zugarramurdiko 31 bizilagunen aurka Logroñon gauzatutako prozesutik abiatuta, Euskal Herriko sorgin ehizak ezkutatzen zuen trama “politikoa” da ardatz nagusia.

Amorebieta-Etxano, 2021eko maiatzaren 25an, asteartea. Ostegun honetan, maiatzaren 27an, Zelaieta Zentroko auditorian  “Sugarren Mende” hitzaldi ilustratua aurkeztuko da 19:00etatik aurrera. Asisko Urmenetak “Sugarren Mende” nobela grafikoan Euskal Herrian sorginen kargua leporatuz, 1610eko azaroaren 7an, Logroñon, Espainiako Inkisizioaren Ofizio Santuak bideratutako 31 bizilagunen epaiketa gogoratuko du. Sorgin-ehiza deitutako horri buruz asko idatzi bada ere, Asiskok ikuspegi berria ekarriko digu.

410 urte igaro dira Espainiako Inkisizioaren auzitegiak Zugarramurdiko 31 bizilagunen aurka Logroñon gauzatutako prozesutik. Urtemuga hau eta bereziki akusatuak pairatu zituzten ondorio suntsitzaileak eta ezkutatzen duen trama “politikoa” dira lan bikain honen ardatz. Hala ere, euskaldunon lurraldean sorginen ehiza ez zen Zugarramurdira bakarrik mugatu, Erronkaribartik Amezkoako mugetaraino hedatu zen, Lapurdi osoa zeharkatuz, jazarpen modu paradigmatiko gisa agertzen zaigularik Europarren artean.

Asisko Urmenetak garatutako dokumentazio eta ikerketa lanak zailtasunak izan ditu baina berezko nekaezintasunak gaiari buruzko historiografiaren iturri berriak bilatzera eraman zuen eta besteak beste, MacCulloch eskoziarraren, Monter estatubatuarraren eta Silvia Federici ekintzaile italiar-estatubatuar ospetsuaren bibliografia trinko eta independenteak aurkitu zituen. Halaber, Espainiako koroapean ziren, eta Inkisizio-tribunalak jasan zituzten lurralde anitzetako bibliografia unibertsitarioa aztertu du, Siziliatik Filipinetaraino. Horrek guztiak eman dio autoreari instituzio berezi haren osotasun-ikuspegia.

“Sugarren mende. Sorgin ehiza Euskal Herrian” komiki-albuma eragile askoren emaitza da: Erroa eta Herrima argitaletxeen, Lapurdi 1609 elkartearen eta Gure Berriak hedabide digitalaren arteko elkarlanaren emaitza.

Izen-ematea

Plazak mugatuak direnez, hitzaldian parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea Zelaieta Zentroko harreran. Gogoratu COVIDaren aurkako segurtasun neurri guztiak jarraituko beharko direla.