Amorebieta-Etxano herritar zaurgarrienak babesteko boluntarioen bila dabil

2020/03/16
• Udalak eta Gurutze Gorriak alarma egoerak dirauen bitarterako telefono bidezko laguntza eta etxerainoko laguntza sare bat antolatu dute. • Helburua ondokoa da: adinekoen ongizatea bermatu, desgaitasuna dutenena, errefuxiatuena eta gaixotasun kronikoak dituztenena; eta koarentenan daudenei oinarrizko gaiak helarazi. • Amorebieta-Etxanoko Udala eta Herritarren Arreta Zerbitzua zabalik daude baina komunikazio telematikoari lehentasuna ematea eskatzen da.

Amorebieta-Etxano, 2020ko martxoaren 16a. Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Gurutze Gorriak, Estatuko Gobernuak ezarritako alarma egoerak dirauen bitartean herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko, telefono bidezko laguntza eta etxerainoko laguntza sare bat antolatu dute.

Jarraipen telefonikoa egiteko sistema bat ezarri da bereziki zaurgarriak direnentzat, esaterako bakardade eta isolamendu egoeran dauden adinekoentzat, desgaitasuna dutenentzat, errefuxiatuentzat, 65 urtetik gorakoentzat edo gaixotasun kronikoak dituztenentzat.

Sare honek ere etxerainoko babesa emango die koarentenan daudenei, elikagaien eta oinarrizko higiene artikuluen hornidura eta laguntza farmakologikoa, bereziki gaixo kronikoei, emango zaielarik baina betiere mediku batek agindutako botikak izan beharko direlarik.

Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren laguntza eskatzen du zornotzar guztien ongizatea bermatzeko. Boluntario moduan lagundu nahi dutenek mezu elektroniko bat bidali dezakete Gurutze Gorrira edo Herritarren Arreta Zerbitzuaren bidez izena eman dezakete (HAZ).

Amorebieta-Etxanoko Udala izango da boluntarioak bideratuko dituena, ikusirik zeintzuk diren dauden beharrizanak.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak #BizkaiaGara boluntarioen laguntza sarea aktibatu du zaurgarrienak diren adinekoei botikak eta elikagaiak erosten laguntzeko eta horrela, etxetik irten beharrik ez dezaten izan. Interesatuta daudenek 94 416 15 11 telefono zenbakira dei dezakete edo mezu elektroniko bat bidali ondoko helbidera: 

Boluntarioek informazioa, formazioa, orientazioa eta zereginak burutzeko beharrezko baliabide materialak jasoko dituzte, COVID-19aren kutsaduraren prebentziorako neurriak bereziki, horrela adinekoen eta boluntarioen babesa bermatuz.

Amorebieta-Etxanoko Udala: komunikazio telematikoa

Alarma egoerak dirauen bitartean, Amorebieta-Etxanoko udaletxea eta Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) zabalik egongo dira. Dena dela, ahal den guztietan komunikazio telematikoa lehenestea eskatzen zaie herritarrei. Horregatik, Udalarekin harremanetan jarri nahi dutenek 010era dei dezakete edo 94 630 00 02 telefono zenbakira, whatsapp bat bidali 688866600 zenbakira edo mezu elektroniko bat bidali ondoko helbidera:
Halaber, Amorebieta-Etxanoko Udalak hartu beharko lituzkeen neurri osagarriei buruzko informazioa helaraziko die herritarrei kanal ofizialen bidez (www.amorebieta-etxano.eus eta udal-bandoak), erakundeetatik iritsitako irizpideei eta gomendioei jarraituz.

Gainera, iturri ofizialei kasu egiteko eskatzen zaie herritarrei, alarma sortarazten duten gezur eta informazio faltsuak ekidinez eta gogoratu zalantzarik baduzu edo COVID 19aren sintomarik baduzu, etxean gelditu behar zarela eta deitu 900 20 30 50 telefonora.

Alarma egoeraren neurriak

Amorebieta-Etxanoko Udalak zornotzarrei gogorarazten die ondokoetarako bakarrik atera daitezkeela kalera: oinarrizko beharrizanetarako erosketak egiteko, lan egiteko, adinekoak zaintzeko eta ospitalera joateko, jendetzak saihestuz eta gutxienez metro bateko segurtasun distantzia bat izanez kutsadura saihesteko.

Baimenduta dauden desplazamenduak izango dira: lanera joateko, ohiko etxebizitzara itzultzeko, elikagaiak edo botikak erosteko, ospitalera joateko edo adinekoak edo mendekoak zaintzeko, banketxeetarako joateko edo halabeharrezko ezinbesteko kasuan edo beharrizan egoeran.

Jakinarazten da baita ere Bizkaibusek eta Euskotrenek %50ean murriztuko dutela beraien eskaintza gaurtik, martxoaren 16tik, astelehenetik, aurrera.

Zabalik egongo dira elikagai eta edarien dendak, oinarrizko beharrizanenak, farmaziak, medikuak, optikak, ortopediako produktuenak, produktu higienikoenak, prentsa, estankoak, ekipo teknologiko eta telekomunikazioen dendak, etxeko abereen elikagaien dendak, tindategiak, internet, telefono edo posta bidezko komertzioak.