Zaintzean zaintzea, Zaintzaileen Nazioarteko Eguna

2020/11/05

Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak, gaur, Pertsona Zaintzaileen Nazioarteko Egunean, omenaldia egin nahi die mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzen ari diren pertsona guztiei, guraso, seme-alaba, senar-emazte, senide edo boluntarioei.

Badakigu lan zaila dela eta, batzuetan, gutxietsitakoak. Horregatik, gaur, balioa eman nahi diogu, egoera konplexuetan aurrera egiteko egiten duzuen ahaleginari eta dedikazioari. Balioa eman nahi diogu, baita ere, eskaintzen duzuen laguntza, enpatia, entzutea eta laguntzen dituzuen pertsonen zaintzari eta bizitzari eusteko duzuen pazientzia eta kontuari ere; hau guztia haien ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko helburuarekin.

Une oro, erreserbarik gabe eta modu altruistan egiten duzuen emate handi horrek dakarren kostuaz jabetuta, non askotan norberaren zaintza bigarren mailan geratzen den, gaur inoiz baino gehiago, zuen egunerokotasunean norbere burua zaintzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Zaintzea, norberaren burua zaintzea, elkar zaintzea, gure lana aurrera eraman ahal izateko. Ez ahaztu beste pertsona batzuei hain maitekiro eskaintzen diezuen zaintza hori zuek ere merezi duzuela. Batez ere, Covid-19ak sortutako osasun-egoeraren ondorioz bizi ditugun zalantzazko garai hauetan, zaintzea funtsezko eta ezinbesteko ekintza bihurtu baita.

Orain, inoiz baino gehiago, gogoan izan garrantzitsua dela zure burua zaintzea, zuretzat, zure gorputzarentzat, behatu, entzun eta errespetatu zure baitan dauden sentsazioak, une bakoitzean, baimena eman zure beharrei, pentsamenduei eta emozioei erantzuteko ere. Zaindu zaitez zaintzen jarraitu ahal izateko eta, beste urte batez, beste behin ere, denon artean ospa dezagun zaintzean (norbere burua) zaintzea polita dela.