Zaintzaileentzako laguntza psikosozialaren zerbitzuari berrekin dio Amorebieta-Etxanoko Udalak

2008/09/26
Egoera zailei aurre egiteko eta estresa eta dolua kudeatzeko estrategiak ematen ditu, talde-saioen bidez, zerbitzu honek.

Amorebieta-Etxano, 2008ko irailaren 26a. Udako oporraldia amaituta, berriro ekin dio Amorebieta-Etxanoko Gizarte Ongizate Zerbitzuak mendeko pertsonen zaintzaileentzako laguntza psikosozialaren zerbitzuari.
Profesional baten eskutik dago bideratuta programa hau. Irailaren 17an eman zitzaion hasiera eta urriaren 8an eta 29an, azaroaren 19an eta abenduaren 17an izango dira hurrengo saioak, arratsaldeko 16:30etik 18:30era, Nafarroa Zentroko lokaletan.
Talde-saioen bidez, egoera zailei aurre egiteko eta estresa eta dolua kudeatzeko estrategiak ematen ditu zerbitzu honek. Beste era batera esanda, euren burua zainduz, mendeko dituzten pertsonak era egokian zaintzen jarraitzeko gaitasuna izateko trebatzen ditu zaintzaileak. Partaideek beren esperientziak eta sentimenduak aurkezteko eta edadekoen kargu duten besteen bizipenetatik ikasteko gunea dira taldeak.
Edadetu mendekoen zaintzaileei zuzenduta dago laguntza psikososiala eta izena emateko interesa duten guztiek www.amorebieta-etxano.net web orrian egin dezakete kontsulta, edo Gizarte Ongizate Saileko telefono zenbakira deituta (94 630 01 90).