Zabalik da Durangaldeko gazteentzat aisialdi eta denbora libreko begirale ikastaro berrian izena emateko epea

2022/06/16
Amorebieta-Etxanoko Udalak, Gaztedi Durangaldea programaren baitan, gazteen enplegua eta prestakuntza sustatzen jarraitzeko asmoz antolatu du ekimena.

Amorebieta-Etxanoko Udala Gaztedi Durangaldea (www.gaztedidurangoaldea.eus) programako kide da, eta haurrentzako eta gazteentzako aisialdiko begirale ikastaro berri bat antolatu du, gazteen enplegua eta prestakuntza sustatzen jarraitzeko.

Haur eta gazteentzako aisialdiko begirale ikastaro berria eskualdeko 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Interesa duten pertsonek dagoeneko izena aurretik emateko epea zabalik dute uztailaren 28ra arte. Plazak mugatuak direnez, eskaintza gaindituz gero zozketa bidez esleituko dira. Prestakuntza euskaraz emango da, urrian hasi eta ekainera arte luzatuko da, eta Gaztedi Durangaldean erroldatuta dauden herritarrei zuzenduta dago. Udalerri horiek ondokoak dira: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Mallabia eta Zaldibar. Ikastaroak 100 euroko kostua du eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du Durangaldearen bitartez. Programa horretan Durangaldeko Mankomunitateak eta Amorebieta-Etxanoko eta Ermuko Udalek parte hartzen dute. Ikastaro honek Eroskiren laguntza ere jasotzen du, izan ere, aniztasuna errespetatuko duen kanpamentu inklusiboa antolatzeko bi saio espezifiko eskaintzen ditu.

Aisialdiko begirale ikastaro berria Durangon egingo da, 150 orduko prestakuntza teorikoa barne, urritik ekainera, eta, ondoren, 160 orduko praktikak. Atal teorikoan ondoko gaiak jorratuko dituzte partehartzaileek: haurren eta gazteen aisialdiko hezkuntza jarduerak, talde eta hezkuntza prozesuak, eta halaber, aisialdiko jardueretako animazio teknikak eta baliabideak. Prestakuntza osatzen dutenek profesionaltasun-ziurtagiria jasoko dute haurren eta gazteen aisialdiko jardueren dinamizazioan.

Izena emateko formularioa bete behar da www.labur.eus/gaztedizenematea helbidea. Informazio gehiagorako: 94 627 86 40 telefonoa edo euskara@dma.eus helbidea.