Xabier Hernandez Llona Santiago Onaindia Ikerketa Bekaren XVI. edizioko irabazlea

2019/12/18
• Epaimahaiak aukeratutako proiektuaren izenburua “Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan” da. • Beka 12.000 eurokoa da eta lana 2021eko udaberrirako eginda egon behar da. • Lourdes Otaegik eta garazi Otsagabiak, Santiago Onaindia bekaren XV. edizioko irabazleek, euren liburua aurkeztuko dute.

Amorebieta-Etxano, 2019ko abenduaren 18a. Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia Ikerketa Bekaren XVI. edizioko irabazlea aurkeztuko du. Xabier Hernandez Llonari sari hau eman zaio “Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan” izenburua duen proiektuarengatik.

Santiago Onaindia beka Amorebieta-Etxanoko Udalak Ametx erakunde autonomoaren bidez urte birik behin ematen duen beka bat da. Beka honek Labayru Institutuaren laguntza jasotzen du.

Bekaren helburua euskal literaturaren alorrean ikerketa sustatzea da, eta bidez batez, Santiago Onaindia euskal idazleari omenaldi bat egitea. Beka 12.000 eurokoa da.

Proiektua 2021eko udaberrirako amaituta egon beharko da, eta moldatu ondoren, Labayru Institutuak argitaratuko du Aita Santi Onaindia Beka bildumaren barruan.

XVI. edizio honetan bost proiektu aurkeztu dira. Lan hauek epaimahai batek aztertu ditu, hain zuzen ere Ametx erakunde autonomoko presidenteak eta euskal literaturaren alorreko hiru adituk.

 “Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan”.

Xabier Hernandez Llonak aurkeztutako proiektu honen bokazioa literaturaren didaktikan diharduten eragile desberdinen artean adostutako bidea zedarritzea litzateke, etorkizunean literaturak  gaztearen garapen emozional-afektibo zein kognitiboan modu positiboan eragiteko.

Saritutako lana argitaratzea

Beka honen XV. edizioko irabazleen, Lourdes Otaegi eta Garazi Otsagabia, liburuaren argitalpena ere aurkeztuko da.  Liburuaren izenburua “BESTE GERRAKO KRONIKAK. Bikote harremanak eta indarkeria Ramon Saizarbitoriaren eleberrigintzan” da, eta Labayru Fundazioak argitaratu du. Egileek lan honetan arreta berezia eman diote Saizarbitoriaren eleberrietan pertsonaia maskulino eta femeninoen arteko harremanetan iradokitzen diren mezuen zentzuari.