Uztargi.Klik argazkizale elkarteak Argazki Lehiaketa antolatu du, zornotzar guztiei irekia

2021/10/22
• Lehiaketa Amorebieta-Etxanoko Udalaren babesarekin antolatu du. • Argazkiak aurkezteko epea azaroaren 30a bitartean egongo da zabalik. Zazpi argazki sarituko dira: lau adingabeen modalitatean, eta hiru 18 urtetik gorakoenean.

Zornotzarren artean argazki zaletasuna indartzeko helburuarekin lehiaketa antolatu du Uztargi.Klik argazkizale elkarteak. Argazki Lehiaketaren aurreneko edizio honek Amorebieta-Etxanoko Udalaren babesa du eta parte hartzea irekia dago adin guztietako zornotzarrentzat; ezingo dute lehiaketara aurkeztu argazkilari profesionalek edo Uztargi.Klik elkarteko kideek.

 Gehienez, bost argazki

Lehiaketan parte hartzeko baldintzei dagokienean, gaia librea dela jakinarazi dute elkartetik. Era berean, argazkilari bakoitzak gehienez bost obra aurkeztu ahal izango dituela adierazi dute; argazkiak txuri beltzean edo koloretan aurkeztu ahal izango dira eta fitxategi bakoitzaren tamaina gutxienekoa 500kb-koa izan beharko da. Beste baldintzetako bat da, argazkiak berriak izatea: hau da, parte hartzaileak berak eginak izatea eta beste lehiaketetan saririk jaso ez dutenak izatea. Bestalde, elkartetik gogorarazi dute argazkiak formatu digitalean aurkeztu beharko direla eta edozein gailurekin atera daitezkeela, hala nola, kamera, drona, smartphonea… Era berean, azpimarratu dute partehartzailearen erantzukizuna izango dela  irudi-eskubideengatik edonork egin dezakeen erreklamazioa.

 Partehartzea eta sariak

Lehiaketan izen-ematea doakoa izango da, eta partehartzaileek azaroaren 30a bitartean izango dute irudiak bidaltzeko aukera. Irudiak uztargiconcursos@gmail.com helbidera bidali behar dira, izen-abizenak adieraziz. Egilea adingabea bada, zein adin duen adierazi beharko du emailean, eta gurasoren baten edo legezko tutorearen baimena aurkeztu beharko du.

Lehiaketako epaimahaia Uztargi.Klik elkarteko kideek osatuko dute, eta erabakiak apelaezinak izango dira. Sarituen izenak abenduaren 17an jakinaraziko dira, Zelaieta Zentroko auditorioan egingo den ekitaldian. Elkarteak, guztira, 7 sari banatuko ditu, bi modalitatetan banatuta:

Adingabeak:

  1. Saria: 150 eurotan baloratua
  2. Saria: 75 eurotan baloratua
  3. Saria: 50 eurotan baloratua
  4. Saria: Lana 40x50 cm-ra handitzea

18 urtetik gorakoak:

  1. Saria: 250 euro
  2. Saria: 150 euro
  3. Saria: 100 euro

 Jabetzari dagokionez, saritutako lanak Uztargi.Klik elkartearentzat izango dira, eta honek hedapen eskubidea izango du, beti ere, egilearen izena aipatuz.

 Bestalde, finalista geratzen diren argazkiekin erakusketa bat egingo da Zelaieta Zentroko 1go solairuan, 2021eko abenduaren 17tik 2022ko urtarrilaren 7ra.