Urriaren 24an jokatuko da Zornotzako Nazioarteko Krosa, munduko zirkuiturik onenetakoa izendatu dutena

2021/10/19
• Jauregibarriako zelaietan jokatuko da datorren igandean, urriaren 24an; helburua da, data hori bera mantentzea etorkizuneko edizioetan. • Kategoria ezberdinetako hamar lasterketa izango dira guztira. Nazioarteko proba absolutuek ordutegi hau izango dute: 12:15ean emakumezkoen lasterketa eta 12:50ean gizonezkoena. Gainera, herri lasterketa eta ezinduentzako lasterketa izango dira.

Zornotzako Nazioarteko Krosaren 67. edizioak bi nobedade ditu: World Athleticsek, Nazioarteko Atletismo Federazioak, zirkuitua maila gorenera eraman izana, Urrezko kategoriara; eta data berria, urriaren 24an jokatzea. Gaur goizean, prentsaurrekoan, Andoni Agirrebeitia Abendibarrek (alkatea), Carlos Sergiok (Bizkaiako Foru Aldundia), Luciano Martínezek (kultura eta kirol zinegotzia) eta Juan José Andérez (Club Deportivo Zornotza)  edizio berriaren xehetasun guztiak azaldu dituzte. Zornotza Kirol Elkarteak antolatzen du proba eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du.

 Agirrebeitiak nabarmendu du Amorebieta-Etxanorentzat garrantzitsua dela halako kros bat izatea, mundu mailan aintzat hartua dagoena: «lehiaketa honen 67. edizioa da aurtengoa: ia zazpi hamarkada dira kirola sustatzen, kasu honetan atletismoa. Aurtengoa gainera, edizio berezia da, World Athletics-ek munduko elitean jarri baitu kros modalitatean. Igande honetan atleta onenez gozatzeko aukera izango dugu gure herrian bertan». Agerraldian, Agirrebeitiak eskerrak eman dizkie proba hau urtero-urtero izatea posible egiten duten pertsona guztiei: «Zornotzako Nazioarteko Krosa ez litzateke posible izango urtez urte atzean lanean ari diren Zornotza Kirol Klubeko antolatzailerik gabe, eta ezta ere, beti laguntzen duten boluntario guztien lan nekaezinik gabe. Guztion artean Amorebieta-Etxano hobea eraikitzen ari gara». Azkenik, Alkateak dei egin die zornotzarrei zirkuitura hurbiltzera eta probetan parte hartuko duten atletak animatzera.

 Zornotzako Nazioarteko Krosa, maila gorenean

World Athleticsek, Nazioarteko Atletismo Federazioak (lehen IAAF), munduko kros proba nagusien egutegia aldatu du. Pista eta ibilbideko probetan bezala, krosean ere hiru kategoriatan banatutako zirkuitua sortu du: Urrea (Gold), Zilarra (Silver) eta Brontzea (Bronze). Eta aldaketa horretan, Zornotza Nazioarteko Krosa maila gorenera eraman du, urrezkora (Gold). Lehen ere, 1991tik 2002ra kategoria honetan egona zen Zornotzako Nazioarteko Krosa.

 Era berean, World Athletics-ek diseinatutako kros zirkuitu honek saria emango die atleta onenei denboraldia amaitutakoan; gainera, Wild Cards txartela ere jasoko dute Munduko Kros Txapelketan parte hartu ahal izateko.

 Aldaketa horiek guztiek egutegia birmoldatzea ekarri dute. 2023ko Munduko Kros Txapelketa otsailaren erdialdera aurreratu da (Munduko Txapelketa hau Australiako Bathurst herrian egitea aurreikusita zegoen 2022ko otsailaren 18an) eta honek, aldi berean, krosaren egutegi orokorra aurreratzea eragin du. Juan Jose Anderezek azaldu duenez: «hori da Zornotzako Nazioarteko Krosa urriaren 24an egitearen arrazoia. Gainera, eta etorkizuneko edizioei begira, asmoa da data hori bera mantentzea». Halaber, Anderezek azpimarratu du proba zornotzarra Espainiako Atletismo Federazioaren, Euskadiko Atletismo Federazioaren, Bizkaiko Atletismo Federazioaren eta ADOCen egutegietan ere sartua dagoela.

 Hamar lasterketa guztira, tartean nazioarteko absolutuak

Lehiaketa Jauregibarriako zelaietan ezarriko den zirkuitu iraunkorrean egingo da, mundu mailan onenen artean dagoen zirkuituan. Hamar lasterketa egingo dira alebin, haur, kadete, gazte, junior eta absolutuen kategorietan banatuta. Gainera, herri lasterketa eta ezinduentzako lasterketa ere izango dira. Nazioarteko proba absolutuak eguerdian jokatuko dira: emakumezkoena 12:15ean eta gizonezkoena 12:50ean. Biak zuzenean emango ditu Euskal Telebistaren lehen kateak, eta astean zehar hainbat aldiz emitituko du Radio Televisión Españolako Teledeporte kateak. (Lasterketei buruzko informazioa, erantsita).

 Miguel Bilbao eta Alejandro Gómez, gogoan

Juan Jose Anderezek azaldu duenez, aurten ere, 2015etik egiten ari diren moduan, Miguel Bilbao izango dute gogoan, lasterketaren sortzailea hain zuzen ere: «Miguel Bilbaok 50eko hamarkadan sortu zuen lehiaketa hau, eta munduko krosaren gorenera eraman zuen. 2015etik egiten ari garen bezala, aurten ere merezitako omenaldia egingo diogu». Era berean, Anderezek adierazi du Alejandro Gómez ere ekarriko dutela gogora aurtengo edizioan: «atleta galiziar handi hau urtarrilaren 31n hil zen 53 urte zituela. Alexandrok Zornotzako Nazioarteko Krosaren hamabi ediziotan parte hartu zuen, 1988 eta 2005 artean; eta hirugarren izan zen 1988, 1989 eta 1990 urteetan. Gainera, 1993an bi aldiz korritu zuen Jauregibarriako zelaietan. 5. izan zen martxoaren 7an ospatutako Espainiako Txapelketan eta 38. hiru aste geroago, martxoaren 28an, ospatutako Munduko Txapelketan».

67. Zornotzako Nazioarteko Krosa - Partehartzaileak

67. Zornotzako Nazioarteko Krosa - Ordutegiak

67. Zornotzako Nazioarteko Krosa - Ibilbidea