Amorebieta-Etxanok urrats bat gehiago eman du Hiria Antolatzeko Plan Orokor berria prestatzeko

2017/07/19
• Udalbatzarrak gaur egindako osoko bilkuran, HAPO berrirako irizpide eta helburuen agiria onartu du. • Bestalde, Udalaren Arau Subsidiarioen aldaketa ere onartu da merkataritza gune mistoan erabilerak arautzeko, Tantorta urbanizatzeko urrats berria emanez.

Amorebieta-Etxano, 2017ko uztailaren 19a. Amorebieta-Etxanok gaur egindako osoko bilkuran Udalerriko Hiria Antolatzeko Plan berria prestatzeko irizpide eta helburuen agiria onartu du, herriaren antolakuntza etorkizunean irudikatzeko asmoz.
Hiria Antolatzeko Plan berriaren berrikuspena 2015ean hasi zen herritarren parte-hartze programa onartu zenean. Ordutik hona, hainbat fasetan garatu da gaur onarpena eman arte.

Horrela, lehendabiziko fasean, plan berria idazteko behar besteko datuak batu ziren, plangintza, legedia, lurzorua eta hirigintza aztertuz, baita Amorebieta-Etxanoko datuak jasoz ere. Fase horretan, Hirigintza arloko arduradunak herriko elkarte eta talde politikoekin batu ziren, herritarrekin elkarrizketak egin eta udal planeamendurako aholkulariekin ere bildu ziren.

Epealdi horretan  galdetegi bat atondu zen herritarren iritzia jasotzeko herrian gauzatu zitezkeen ekinbideei buruz. Horrekin batera, gaia jorratzeko bost tailer antolatu ziren, herritarrei ere zuzenduta zeudenak, ingurugiroa, etxebizitza, ekonomia jarduerak, ondarea, hornidura eta ekipamenduak aztertzeko.

Ondorengo fasean, landa guneen eta herriaren ikuspegi orokorraren gaineko ideiak garatu ziren. Aldi horretako agiriak planak gerora zehaztuko zuen irudi orokorra islatu nahi zuen.

Era berean, hainbat egitasmo gauzatu ziren: triptikoa banatu, aurkezpen hitzaldia,  erakusketa (panelen bidez, bulego teknikoaren beheko solairuan) eta elkarrizketak erredaktore-taldearekin, zalantzak argitzeko. Halaber, herritarren iradokizun eta proposamenak jasotzeko epea zabaldu zen. Joan den apirilean amaitu zen prozesu horretan herritarren kopuru handi batek hartu zuen parte.

Agiriaren onespenaren ondoren, HAPO hasiera batean onartzeko agiria prestatuko da, horretarako 6-8 hileko epea beharko da, Udalaren arabera.

Tantortaren urbanizazioa
Bestalde, osoko bilkuran Arau Subsidiarioen aldaketa ere onartu da merkataritza gune mistoan erabilerak arautzeko, aurrez egin beharreko izapideak burutu ondoren. Horrekin, Tantortaren urbanizazioa hasiko da. Bertan, 1.500 metro karratuko Eroski saltokia egiteko asmoa dago. Supermerkatua eraikitzea gune hori indarberritzeko egitasmoaren zati da, 30 zuzeneko lanpostu sortuko dira eta herriko ekonomiaren eragile
izango da.

Herriko gune hori urbanizatzeko lanak uda igaro ondoren hasiko dira, horretarako 6 milioi euroko laguntza emango da.

www.amorebieta-etxano.eus