Umeentzako udalekuen ordutegia eta zerbitzuak areagotu ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak aurtengo eskaintzan

2010/09/07
Udaleku irekiak hilabetez garatuko dira (ekainaren 24tik uztailaren 24ra bitartean) eta asteka eman ahalko da izena • Aurreko urteetako goizeko ordutegia (9:00etatik 13:00etara) luzatu eta jantoki zerbitzua hartzeko aukera izango da (arratsaldeko 15:00etara arte), edota egun osokoa, arratsaldeko 17:00etara arte. • Programazioa gaika antolatuko da, eta astero aldatuko da. Horrela, kirolarekin, arte plastikoekin, musika eta dantzarekin, eta ikus-entzunezkoekin lotuta dauden ekintzak burutuko dira. • Eskaintza osatzeko, Futbol Campus irekia ere antolatu du Udalak, uztailaren lehenengo hamabostaldian (uztailaren 1etik 12ra), goizeko 9:30etik arratsaldeko 18:00etara.

Amorebieta-Etxano, 2013ko martxoaren 14a. Udalerriko familiek dituzten premiei erantzun nahian, umeentzako udalekuen (4 eta 12 urte bitarteko umeentzat) ordutegiak eta zerbitzuak areagotu ditu aurten Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakundearen eskutik.

Hilabetez eskainiko dira udaleku irekiak, ekainaren 24tik uztailaren 24ra bitartean, eta asteka eman ahalko da izena. Era berean, aurreko urteetako goizeko ordutegia (9:00etatik 13:00etara bitartekoa) luzatu eta jantoki zerbitzua hartzeko aukera izango da (arratsaldeko 15:00etara arte), edota egun osokoa, arratsaldeko 17:00etara.

Programazio tematikoa

Programazioa gaika antolatuko da, eta ezberdina izango da aste batetik bestera:
Ekainaren 24tik 28ra. Kirolarekin lotuta dauden ekintzak.
Uztailaren 1etik 5era. Arte plastikoak landuko dira (marrazketa, pintura, buztingintza, eskulanak, etab.)
Uztailaren 8tik 12ra.  Musika eta dantza izango dira protagonistak.
Uztailaren 17tik 24ra.  Ikus-entzunezkoen teknologiak eta teknikak (argazkigintza, bideogintza, etab.).

Eskaintza osatzeko, Futbol Campus irekia ere antolatu du Udalak, uztailaren lehenengo hamabostaldian (uztailaren 1etik 12ra), goizeko 9:30etik arratsaldeko 18:00etara, bazkaria eta merienda barne.
Larrea Herri Ikastetxea izango da 2001. eta 2006. urteen artean jaiotako umeei zuzenduta dagoen campusaren egoitza. Aste bietako prezioa 190 €-koa izango da, bazkaria eta merienda sartuta.

Programa hauetan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea martxoaren 15ean hasiko da, eta apirilaren 10era bitartekoa izango da. Zelaieta zentroko Gazte Informazio Bulegoan egingo dira inskripzioak, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik iluntzeko 20:00etara.

Prezioak:
UDALEKU IREKIAK
A: 9:00 –13:00: 30 €/asteko
B: 9:00 – 15:00 (bazkaria barne): 65 €/asteko
C: 9:00 – 17:00: 80 €/asteko

FUTBOLA CAMPUSA   
190 € – Hamabostaldi osoa

*Zerbitzuotako matrikula egiteko, 10 €-ko fidantza ordaindu beharko da inskripzio-inprimakia betetzean.

Partaidetza handia

Zornotzar gaztetxoenei zuzenduta dagoen aisialdi-eskaintza honek partaidetza handia izaten du urtero. Horrela, joan den urteko udan 373 izan ziren, guztira, jolas, kirol eta kultura ekintzek, tailerrek, irtenaldiek, jokoek, eta abarrek osatutako udalekuetan ibili ziren umeak.