Udalerriko langabetuak kontratatzen dituzten tokiko enpresak subentzionatuko ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak

2013/03/21
• Udalerrian lana aurkitzeko eta tokiko enpresek udalerriko langabetuak kontratatzeko aukerak areagotu nahi ditu Udalak ekimen honen bidez, gaur egungo egoera ekonomikoak gehien kaltetzen dituen taldeei era berezian erreparaturik. • Kontratazioen Gizarte Segurantzaren gastuak estaliko ditu diru-laguntzen zenbatekoak. • 100.000 euroko aurrekontua erabiliko du Udalak ekimen honetarako.

Tokiko enpresek udalerriko langabetuak kontratatzea diruz laguntzeko partida onartu zuen Amorebieta-Etxanoko Udalak 2013ko ekitaldirako aurrekontuetan. Horrela, eta udalerrian lana aurkitzeko aukerak areagotzeko xedez, Amorebieta-Etxanon zentroak eduki eta udalerriko langabetuak kontratatzen dituzten enpresei zuzenduta dauden diru-laguntzen deialdia zabaldu du Udalak, gaur egungo egoera ekonomikoak kaltetzen dituen taldeei era berezian erreparaturik.
Gizarte Segurantzaren gastuei erantzuteko erabiliko da diru-laguntzen zenbatekoa, honako kopuru hauetan:
- Amorebieta-Etxanoko enpresek langabetuei egiten dizkieten kontratazioak direnean: 4.000 eurora bitarteko diru-laguntza.
- Diru-sarrerak Bermatzeko Legeak araupetzen dituen laguntzak jasotzen dituzten pertsonei egiten zaizkien kontratazioak direnean: 5.000 eurora bitarteko diru-laguntzak.
Udalak 100.000 euroko diru-partida esleitu du ekimen honetarako.

Betekizunak

Lantokia Amorebieta-Etxanon duten enpresak eta erakundeak, profesionalak, irabazizko asmorik gabeko entitateak, eta bazterturik geratzeko moduko egoeran edota arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea xede duten enpresak eta enplegu zentroak izan daitezke laguntza hauen onuradun.

Eskaria egitean eta, azken bost urteetan etengabe, edota etenak izanik, guztira hamabost urtekoa den epealdian, Amorebieta-Etxanon erroldaturik egon diren langabetuen lan-kontratazioen ziozko diru-laguntzak emango dira, baldin eta 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitartean gauzatu badira, gutxienez 3 hilabetekoak badira eta lanaldia % 50 edo luzeagoa izanez gero.

Hasita dago eskariak aurkezteko epea, eta 2013ko abenduaren 30era bitartekoa izango da. Amorebieta-Etxanoko Udalak Nafarroa Zentroko lehenengo solairuan daukan sarrera-erregistroan  aurkeztu ahal dira, astelehenetik ostiralera bitartean, goizeko 8:30etik eguerdiko 14:30era.
Kontsultak egiteko, 94 630 01 90 dei daiteke, edo e-maila  bidali helbide elektroniko honetara: sustapena@amorebieta.net.

Enpresen arteko Foroa

Udalak 2012an abian jarri zuen enpresa arteko foroan tokiko enpresek mahai gainean ezarri zituzten beharrizanei erantzutea du xede ekimen honek.
Sare-lana eta sinergiak sustatzea da gune horren helburua,  enplegu eta prestakuntza alorretako udal-ekimenak udalerriko enpresen errealitatera eta beharrizanetara egokiturik
Konpainiek dituzten beharrizanak, irtenbideak, enplegua eragiteko gaitasuna, eta abar bateratzeko tresna eragingarria da foroa eta, horrezaz gain, informazioa trukatzeko, komunikaziorako eta enpresen arteko lankidetzarako bideak jartzeko lanabesa ere izatea da helburua, Udalak kolaboratzaile aktiboa jardunik eta udalerrian dagoen prestakuntza eskaintzaren hedapena eginik. Alderdi horietako lanari eusteko, beste urrats bat eman du Udalak eta hala sortu du atari digitala, tokiko enpresek luze gabe erabili ahalko dutena. Udalerriko enpresa guztiak direktorio batera bilduko ditu  tresna honek, euren datuak eta ezaugarriak zehaztuz. Enplegu eta prestakuntza gaietan interesgarri gertatzen diren albisteak eta informazioa eskainiko dira tresna honen bidez.
Oinarriak eta dokumentuak hemen