Udalerriko euskaltegietan eta barnetegian matrikulatzeko epearen hasiera Amorebieta-Etxanon

2014/09/15
Amorebieta-Etxanoko Udaleko kultura zinegotzia den Andoni Agirrebeitiak, Idoia Zuloaga Zornotza udal euskaltegiaren zuzendariak, Marivi Zubiaga Zornotzako barnetegiaren zuzendariak eta AEK-ko udalerriko arduraduna den Julio Aranguenak zornotzar guztiak animatu nahi dituzte euskara ikasteko izena emateaz gain, euskaraz bizi eta euskal kulturaren ezagutzan murgil daitezen.

Hainbat dira udalerrian matrikulatzeko dauden aukerak: klaseak egunero, astero, ikastaro trinkoak … eta barnetegi eran aritzeko hileroko eskaintzak. Era berean, aipatzekoak dira aita-amei zuzenduta dauden klaseak, gurasoen benetako inplikazioa funtsezkoa delako txikienak ere euskaraz bizi eta euskaraz jarduten ohi daitezen. Amorebieta-Etxanon bi euskaltegi daude hirigunean, eta barnetegi bat, Larrea auzoan.

Ikasturteak burutu ondoren, udalerrian erroldatuta dauden euskara ikasleentzako diru-laguntzak eskaintzen ditu urtero Amorebieta-Etxanoko Udalak Ametx erakunde autonomoaren bidez. Urria izaten da, Zelaieta zentrora zuzenduta, diru-laguntza horiek eskatzeko epea.

AEK-ko Julio Aranguenak euskera praktikoaren alde agertu da, “euskera hizkuntza denez praktikoa izan behar du eta berba eginbehar da edozein momentuan eta edozein eran”.
Maribi Zubiagak, Zornotza Barnetegiaren zuzendariak, azpimarratu duenez, Barnetegiak ikastaro aukera zabala eskaintzen du, urte guztiko eskaintza da eta maila guztietarako. Horrela, bertatik bertarakoak, on line ikastaroak eta klase saio pertsonalizatuak ere eskaintzen ditu Barnetegiak.

Azkenik,  Idoia Zuloagak, Zornotza udal euskaltegiaren zuzendariak, jakinarazi du irakurketa erraza egiteko ikastaroak antolatu dituztela. Adierazi duenez, berba ondo egin arren, asko dira irakurtzeko orduan arazoak dituztenak. Horrezaz gain, eutsi egingo diote aurreko urteetan oso arrakastatsu izan den Berbaldiak izeneko programari. Euskara ikasi dutenek eta ikasten ari direnek aukera ezin hobea dute ikasitakoa praktikan jartzeko, udalerriko euskaldun zaharrekin jardunda.