Udalerriaren toponimia mapa argitaratu du Amorebieta-Etxanoko Udalak

2010/09/07
- Historia eta kultura ondarearekin lotutako eremu garrantzitsu hau zornotzarrei hurbiltzea izan da proiektuaren helburua. - Udalerriko toponimoak biltzeko proiektuari ekin zion Udalak tokiko historiaren atal esanguratsua direlako eta asko zirelako aurrerapenak irentsita, desager zitezkeen toki, baserri, iturri, baso... izenak. - Euskaltzaindiaren lankidetzaz, Udalak deitu zuen bekaren bidez gauzatutako bilketa-lanaren ondoren, Amorebieta-Etxanoko toponimiaren paperezko mapa argitaratu da orain. - Maparen ale bana helaraziko da udalerriko etxe guztietara.

Amorebieta-Etxano, 2013ko ekainaren 4a. Udalerriko toponimia maparen paperezko bertsioa argitaratu du Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoarekin batera, udalerriaren historia eta kultura ondarean hain garrantzitsua den esparrua Zornotzako hiritarrei hurbilarazteko.

Ikerketa Beka

Udalerriko toponimoak biltzeko proiektuari ekin zion Udalak tokiko historiaren atal esanguratsua direlako eta asko zirelako aurrerapenak irentsita, desager zitezkeen toki, baserri, iturri, baso... izenak. Izenok biltzeko xedez, ikerketa beka deitu zuen 2005ean, Euskaltzaindiaren lankidetzaz.
Ane Olabarri eta Rakel Iruarrizaga ikertzaileek burutu zuten datuen bilketa lana, eta datu base oparoa osatu zuten hainbat artxibo, erregistro eta dokumentu arakatuta alde batetik, eta udalerriko auzoetako bizilagunekin zuzenean elkarrizketaturik bestetik. Udalerriko bizilagunen aurreko aurkezpena egin zen, landa-lanaren bidez lortutako izendapenak finkatu eta toponimoen zerrenda osatzeko.

Paperezko bertsioaren argitalpena

Oraingo honetan, eta ikerketa-lanaren bitartez bildu zen informazioa ardatz izanik, udalerriaren toponimia maparen paperezko bertsioa argitaratu du Udalak, terminootako asko eta asko bertara jaso eta kokaleku geografikoan ezarrita, Amorebieta-Etxanoko Udalaren udal kartografia oinarri gisa erabiliz horretarako.
Tokiko toponimoen bilketa lanaren bidez osatu zen datu basea, Euskaltzaindiaren onirizpena duena, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritzan dagoenarekin erkatu da, auzoen, parajeen, baserrien, eta abarren izendapenak bateratzeko eta izen ofizialak finkatze aldera.

Mapa 1/15000 eskalan egin da eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza izan du. Maparen ale bana helaraziko da udalerriko etxebizitza guztietara.
Maparen baliagarritasuna denboran luzatzeko xedearekin, eraikuntzen eta obra zibilen proiektuak ere txertatu dira. Bestalde, eta erabilera anitzekoa izan dadin, toponimia mapa bera ez ezik, kale-izendegidun planoa ere badauka, 1/5000 eskalan egina, eta interesguneak markatu dira: zentro ofizialak, ikastetxeak, kultura eta kirol azpiegiturak, elizak, osasun zentroak, eta abar.

Maparen atzeko aldean udalerriaren ortoargazkirik eguneratuena ere txertatu da. Airetiko argazkia da, 2012koa, 1/18000 eskalan. Airetiko argazki horiei zuzenketa digitala egiten zaie, argazkiaren xehetasunak izan ditzaten eta, horrekin konbinaturik, planoen geometria ezaugarriak.

Lanaren egileek adierazi dutenez, honelako proiektuak biziak dira, eta etengabe hobe daitezke, datuak zuzendu eta gehituta. Horrela, iradokizunak eta proposamenak egin ahalko dituzte herritarrek http://www.amorebieta-etxano.net/home-eu/tramiteak/idatzi-udalari/idatzi-udalari webgunean eta euskara@ametx.net  helbide elektronikoan.

www.amorebieta-etxano.net