Udalaren Enplegurako Osoko Planak 28 pertsonen laneratzea erraztu du 2020an

2020/12/17
Zuzeneko kontratazio horiek administrarien, peoien eta taldeburuen lanpostuak betetzeko balio izan dute. Osorako Enplegu Planaren helburu nagusia udalerriko langabeei lan-merkatuan sartzen laguntzea da.

Amorebieta-Etxano, 2020ko abenduaren 17an, osteguna. Lan-merkaturako sarbidea egituratzeko helburuarekin bat etorriz eta Enplegurako Osoko Planaren babesean, Amorebieta-Etxanoko Udalak 28 langaberi laneratzeko aukera eman die 2020. urtean abian jarritako enplegu-planen bidez.

Zuzeneko kontratazio horiek aldi baterako egiten dira, gizarte-erabilerako lanak eta lan puntualak egiteko egiteko eta horretarako, iraupen luzeko langabezian dauden udalerriko pertsonak kontratatzen dira, ahal dela, gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonei lehentasuna emanez. Kasu honetan, administrarien, peoien eta taldeburuen lanpostuak betetzeko balio izan dute eta 6 hilabeteko kontratu-iraupena izan dute peoien eta taldeburuen kasuan eta 8 hilabetekoa administrariaren kasuan.

Amorebieta-Etxanoko Udalaren Osorako Enplegu Planak, 2020-2021 urteetarako udal-aurrekontuetan 554.023 €-ko urteko zuzkidurarekin adieraziak, hainbat neurri jasotzen ditu udalerrian azken urteetan prestakuntzaren eta/edo enpleguaren arloan egiten ari diren jarduerak indartu eta osatzeko eta udalerriko langabetuei lan-merkatuan sartzen laguntzeko. Azken batean, helburua langabeen lan-bilaketa aktiboa sustatzea eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden kolektiboen laneratzea sustatzea da.

2020an, hiru enplegu-plan egin dira, horietako 2 eskualde-planak, Lanbidek kofinantzatuta eta beste bat tokikoa, Amorebieta-Etxanoko Udalak zuzenean finantzatuta. Plan bakoitzean, 27 pertsona kontratatu dira, 8 peoi eta taldeburu bat, plan bakoitzerako, eta kontratazio bat, aldi berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kofinantzatutako gazte-enplegurako programa baten barruan.

Aurten, tokiko zein eskualdeko enplegu-planek ezinbesteko baldintza batzuk betetzea eskatu dute: azken 5 urteetan Amorebieta-Etxanoko udalerrian erroldatuta egotea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta langabezian egotea. Berezitasun hauek ere kontuan hartu dira: iraupen luzeko langabea izatea, 35 urtetik beherakoa edo 45 urtetik gorakoa izatea, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuraduna izatea, gizarte-bazterketako arriskuan egotea eta kontratatu aurreko 2 urteetan Amorebieta-Etxanoko Udalarekin lan-kontraturik izan ez izana.

Gazteen enplegurako programari dagokionez, honako hauek izan dira parte hartzeko baldintzak: 30 urtetik beherakoa izatea, Amorebieta-Etxanon erroldatuta egotea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, Gazte Bermea Sisteman izena emanda egotea, langabezian egotea eta Administrazio Kudeaketan erdi-mailako edo goi-mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea izatea.

Bestalde, enplegua lortzean emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bermatzeko, hautatutakoen % 40, gutxienez, emakumeak izan behar dira. Azpimarratu behar da aurten programa horietan kontratatu diren emakumeen ehunekoa kontratazio guztien % 44,4 izan dela. Gainera, eskualdeko planetan kontratatutako pertsonen % 15 gutxienez 55 urtetik gorakoak izatea eta gutxienez % 30 Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak izatea eskatzen da.