Udalak zornotzarrak animatu ditu erosketak www.zornotzanerosi.eus atariaren bidez egitera

2022/06/09
Webguneak ekimenarekin bat egin duten komertzioetan erosi eta erosketak etxean jasotzeko aukera eskaintzen die zornotzarrei.

Udalerri bizi baten ezaugarri nagusietako bat da merkataritza eta ostalaritza indartsua izatea. Pandemiaren hasiera oso garai gogorra izan zen bi sektoreentzat, eta beren produktuak eta zerbitzuak saltzeko atari digital bat izateko aukera planteatu zuten. Eskaera horri erantzuteko, eta salmenta digitalizatu eta sustatzeko, Amorebieta-Etxanoko Udalak zornotzanerosi.eus webgunea jarri zuen abian, inolako kosturik gabe saltoki eta ostalaritza establezimenduentzat. Gaur egun, egoera pandemikoa hobetu den arren, webgunearen bi helburu nagusiek indarrean jarraitzen dute: herriko saltoki eta ostalaritza-establezimenduei beren produktuak iragartzeko eta saltzeko atari digital bat eskaintzea; eta zornotzarrei udalerriko saltokiak eta ostalaritza hurbiltzea, online erostea erraztuz.

Nahi duzun tokian, nahi duzun momentuan
zornotzanerosi.eus webguneak gertuko merkataritzak eskaintzen dituen ezaugarri berak eskaintzen dizkio zornotzarrari: hurbiltasuna, zerbitzu ona eta arreta zuzena. Eta horri guztiari, herritarrak nahi duenean eta nahi duen lekuan eskuratzeko aukera gehitzen zaio. Hala, webguneak Amorebieta-Etxanoko dendetan erosi eta erosketak etxean inolako kosturik gabe jasotzeko erraztasuna eskaintzen du.

Komertzio eta ostalariei irekia
Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerriko saltoki eta ostalaritza establezimenduei gogorarazi nahi die webgunea atari bizia dela, eta bertan edozein unetan alta emateko aukera dagoela. Webgunea Udalak sortu bazuen ere, plataforma beren produktuak eta zerbitzuak iragartzen dituzten saltoki eta ostalaritza establezimenduena da. Bestalde, negozioa altan eman nahi dutenek hiru aukera dituzte: atari digitaleko Harremanetarako atalean klik egin, posta elektroniko bat bidali helbidera idatzi edo 946 81 22 04 telefonora deitu.

Amaitzeko, zerbitzuan alta emanda dauden komertzio eta ostalaritza establezimenduen arduradunak animatu nahi ditu Udalak, beren produktuak eta zerbitzuak plataforma honen bidez eskaintzera. Zornotzan bizi, Zornotzan erosi!