Amorebieta-Etxanoko Udalak bere zerbitzuak eta irudia modernizatuko ditu

2018/07/04
• Udala herritarrengana gehiago gerturatzera eta biztanleen behar guztiei hobeto erantzutera bideratutako kanpoko eta barruko aldaketa da. • Horretarako, Udalak Herritarren Arretarako Zerbitzu (HAZ) berriaren ateak irekiko ditu irailaren 3an. • Zerbitzu horren xedea herritarren eta Udalaren arteko harremanak ahalik eta gehien erraztea da. • Udalak marka berria ere estreinatuko du. Herriaren sinbolo berria bilakatu gura duen irudi eguneratua.

Amorebieta-Etxano, 2018ko uztailaren 4an. Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren arreta eta bere irudia modernizatuko ditu. Herritarrengana gehiago gerturatzea eta biztanleen behar guztiei hobeto erantzutea bilatzen duen kanpoko eta barruko aldaketa da. Horretarako, Udalak Herritarren Arretarako Zerbitzu berria martxan jarri eta irudi korporatibo berria estreinatuko du. Zornotzako Udalak garai eta behar berrietara egokitzen dela erakutsi gura du.

HAZ
Irailaren 3an irekiko ditu ateak Amorebieta-Etxanoko Udalaren Herritarren Arretarako Zerbitzu (HAZ) berriak. Zerbitzuaren helburua herritarren eta Udalaren arteko harremanak ahalik eta gehien erraztea da. Bulego berritik, herritarrek Udalarekin erlazionatutako mota guztietako izapideak gauzatu ahal izango dituzte; erroldako bolanteak, zergen ordainketa eta helbideratzea, obrak egiteko baimen eskariak edo iradokizunak, beste askoren artean. Une horretatik aurrera, herritarrek dagoeneko ez dute udal egoitza desberdinetara joan behar izango, zerbitzu guztiak bulego berean zentralizatuta egongo dira eta.

Udaletxearen beheko solairuan egongo den HAZk, erabilera irekiko ordenagailua izango duen itxaron gela, arreta pertsonalizatuko lau postu eta arreta teknikoko postu bi izango ditu. Bulego berriak bilerak egiteko gela bat eta mota guztietako tramiteak ilaran zain egon behar barik egin ahal izateko kutxazain elektronikoa ere izango ditu.

Zerbitzu modernoago eta hobetu hori herritarrek goizez erabili ahal izango dute, astelehenetik barikura, 7:30etik 15:30era, bertara zuzenean joanda edo webgune edo telefono bitartez.
Doako arretarako telefono berriak egongo dira: 092 udaltzaingoa, 010 Udala, eta baita 688 866 600 whatssap zenbakia ere.
Udalak 100.000 euro inbertitu ditu zerbitzu berriaren instalazioan.

Hiri Marka berria


Amorebieta-Etxanoko Udalak marka berria estreinatuko du. Udalerriko biztanleen partaidetza aktiboarekin, herriaren sinbolo berria bilakatu gura duen irudi eguneratua sortu da. Irudi berriak oso modu egokian irudikatzen ditu udalerriaren balioak.

Marka berria Amorebieta-Etxano izenaren hasierako hizkiek osatzen dute, eta bere ziluetak, herriaren ondare historikoa osatzen duten eraikin esanguratsuenak, herria zeharkatzen duen Ibaizabal ibaia, inguratzen duten mendiak eta herriaren bi aldeak elkartzen dituzten zubien kurbak erakusten ditu. Hau da, herriaren ezaugarriak eta herria eta bertako biztanleak ondoen definitzen dituen kolore urdina uztartzen ditu.

Amorebieta-Etxanoko marka udalerriaren sinbolo berria bilakatuko da, jarduera instituzional guztietan Udalaren irudia izateaz gain, Udalak babestuko eta parte hartuko duen ekitaldi guztietan ere egongo baita.

Udalaren armarriak, bere aldetik, modu puntualean eutsiko dio erabilera instituzionalari.
Udalak 15.000 euro inguru inbertitu ditu marka berri honen ezarpenean. Pixkanaka aplikatuz joango da, guztiz barneratu arte.