Udalak Zelaieta Zentroa hobetu eta egokituko du

2021/02/02
Lanek 77.963,05 €-ko aurrekontua dute eta 4 hilabete inguruko gauzatze-aurreikuspena. Funtsean, Zelaieta Zentroko hainbat puntu egokitu eta eraberrituko dira.

Amorebieta-Etxano, 2021eko otsailaren 2an, asteartea. Amorebieta-Etxanoko Udalak Zelaieta Zentroaren instalazioak eraberritu, hobetu eta egokitzeko hainbat jarduera hasiko ditu laster. Oro har, eraikinaren lesio gehienak denboraren joanak eragindakoak dira, baina mantentze-lanek ezin dituzte konpondu eta, beraz, esku-hartze handiagoak behar dira.

Obren hasierako aurrekontua 77.963,05 €-koa da eta, gutxi gorabehera, 4 hilabeteko egikaritze-aurreikuspena du. Obrak, funtsean, eraikinaren hainbat puntu egokitu eta eraberritzean oinarrituko dira.

Esku-hartzeak hainbat fasetan banatuko dira, hobekuntzak gauzatzeko lehentasun-irizpideen arabera. Lehenengo faseetan, frontoiaren estalkia eta 2. solairuko bulegoak eta lokalak egokituko dira. Patioko argizuloetan eta liburutegiko fatxadetako batean ere jardungo da.

Azkenik, liburutegiaren gainetik harrizko fatxada aireztatuak eraikinaren mendebaldeko aurpegian dituen hezetasun orban indartsuak kenduko dira.