Udalak luzatu egin du Hiri Antolamendurako Plan Orokorra jendaurrean izateko epea, eta herritarrei prozesuan parte hartzeko gonbita luzatu die

2022/10/28
• Hiri Antolamendurako Plan Orokorra jendaurrean egongo da abenduaren 31 arte, eta informazioa kontsultatu eta jaso nahi duten herritarrek bulego teknikoan egin ahal izango dute, bai eta ikusgai dagoen laburpen dokumentuan. • HAPOari hasierako onarpena eman zion Udalak, aho batez, pasa den uztailean izandako ezohiko Osoko Bilkuran.

Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak uztailean jaso zuen hasierako onespena, Udalean egindako ezohiko Osoko Bilkuran. Ordutik, plana jendaurrean dago, zornotzarrek kontsultatu, informazio egokia jaso eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko aukera izan dezaten. Dokumentuaren garrantzia eta jasotzen ari diren kontsulta kopurua kontuan hartuta, Amorebieta-Etxanoko Udalak erakusketa epea luzatu du 2022/12/31ra arte.

Horrela, zornotzarrak prozesuan parte hartzera eta etorkizuneko Amorebieta-Etxanoren diseinuan parte izatera animatu ditu Udalak: “planak bizitzeko eta lan egiteko herririk onena izateko oinarriak ezartzen ditu, eta ibilbide-orri hori zornotzar guztion artean definitzea nahi dugu, oro har, elkarrekin, pertsonen bizitza hobetzeko eta inor atzean ez uzteko. Horrela, planak biltzen duen dokumentazio guztia Udalaren webgunean eta bulego teknikoan dago eskuragarri. Era berean, herritarrek informazioa jaso ahal izango dute sintesi-dokumentuaren erakusketaren bidez; berau bulego teknikoaren beheko solairuan kontsultatu daiteke 09:00etatik 14:00etara eta Zelaieta Zentroaren sarrera nagusian.

Amorebieta-Etxano, bizitzeko eta lan egiteko herria
Udaletik gogorarazi dutenez, Amorebieta-Etxanok azken urteetan bizi izan duen eraldaketak, bai urbanoak bai zerbitzuetakoak, beti izan ditu pertsonak erdigunean: ‘Zornotzarra naz eta harro nago’. Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri hau Amorebieta-Etxanoko bizilagunen laguntzarekin diseinatu da, eta ildo berari jarraituko dio: “bizitzeko herri zoragarri batean bizi gara, oinezkoentzat atsegina eta irisgarria dena, orekatua, ondo komunikatua, sozialki eta ekonomikoki kohesionatua eta oso dinamikoa, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu”. Era berean, Udala lanean ari da udalerri hau aukerak dituen udalerria izan dadin: “gure gazteek etxebizitza eskuragarrien eskaintza izatea nahi dugu, gure enpresekiko, merkataritzarekiko eta ostalaritzarekiko aktiboa izango den udalerria izatea nahi dugu, gure ondarea zainduko duena eta hazkunde orekatua izango duena. Urte asko daramatzagu eredu hori lantzen, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri honek ildo horri jarraitzen dio”.

HAPOaren ezaugarriak
HAPO berriak kirurgia bat aurreikusten du, euste-plan bat, biztanleetan gehiegi ez haztea eta ‘Zornotzarra naz eta harro nago’ nortasuna mantentzea ahalbidetuko duena. Horrela, lurzoru naturala mantenduko da, garatu beharreko lurzoru berriak ahalik eta gutxien okupatuko dira eta lurzoru batzuk deskalifikatuko dira. Halaber, kirol ekipamendu eta instalazioen aldeko apustua egingo da eta ikastetxeak bultzatuko dira. Bizitegi-lurzoru berriei dagokienez, babestutako etxebizitzak, industria-etxebizitzak eta jarduera mistoak sustatuko dira. Horrela, Udalak industriarentzat udalerri erakargarria izaten jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, eta horretarako lurzoru industriala eta jarduera ekonomiko ezberdinetarako lurzorua izatea beharrezkoa izango dela gaineratu du, beti ere, bertako komertzioa eta lehen sektorea bultzatzeaz eta babesteaz ahaztu gabe.

Era berean, HAPOak landa eremuen eta auzoen antolamendua ere jasotzen du, eta baita lurzoru urbanizaezina ere, ingurumena eta Amorebieta-Etxanoko ondarea babestuz. Etorkizuneko Amorebieta-Etxano udalerri berdeagoa eta atseginagoa izango da, aisialdirako gune eta parke berriekin, Ibaizabal ibaiarekin elkarbizitzan, ibai-pasealekuak ahalbidetuta.

Azkenik, Udalak gogorarazi du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra definitzerakoan, dokumentu osoan kontuan hartu direla genero-ikuspegia, hizkuntza-inpaktua eta jasangarritasun energetikoa, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko helburuarekin.