Udalak lizitaziora atera ditu Larrabide eta Karmen kaleetako irisgarritasuna hobetzeko lanak eta azken honen berrurbanizazioa

2020/12/26
Obrak 6 hilabete inguru iraunen du eta 900.000 euroko aurrekontua du. Jarduketa honen bidez, zornotzarren bizi kalitatea hobetzea helburu duen auzotarren eskaera bati erantzuten dio Udalak.

Amorebieta-Etxanon, 2020ko abenduaren 26an, larunbata. Amorebieta-Etxanoko Udalak laster hasiko du Larrabide eta Karmen kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko eta azken hori berriz urbanizatzeko lizitazio-prozesua. Obrek 6 hilabete inguru iraunen dute eta 900.000 euroko aurrekontua dute. Udalak jada onartu ditu kontratazio orriak eta horrela, obren lizitazio prozesua lehenbailen hasiko da. Jarduketa honen bidez, zornotzarren bizi kalitatea hobetzea helburu duen auzotarren eskaera bati erantzuten dio Udalak.

 Proiektu honen bidez, igogailu bat jarriko da Larrabide kaleko 4. atariaren eta Luis Urrengoetxea kaleko 14. atariko eraikinaren artean eta Karmen kaleko 12. atariaren parean, goiko alderaino igoko dena. Gainera, eskaileren zati bat kenduko da eta oinezkoentzako eskailera paraleloak jarriko dira, irisgarritasuna hobetzeko.

Igogailuari dagokionez, erabiltzaileentzako segurtasun-sentsazioa lehenetsi da; beiraz estaliko da, makineria jartzen den lekuan izan ezik; 630 kg (8 pertsona) eraman ditzake eta 1,40 m x 1,10 m-ko neurriak izango ditu. Gainera, tarteko geraleku bat izanen du,

Karmen kaleko 21. atarira sartzeko. Orain arte eskaileretatik bakarrik sar zitekeen bertara.Karmen kalea ere berrurbanizatuko da, 21. eta 29. atarien artean, integratzeko eta kalearen gainerako zatia berriz urbanizatzeko. Kalearen malda %6koa izanen da eta bideak 3 metroko zabalera izanen du zirkulazioko errei bakoitzerako; horrela, oinezkoentzako zabalera handituko da eta aparkatzeko ilara bat ere sortuko da. Jarduketa honekin, halaber, behin betiko konponduko da Karmen kaleko 23. eta 25. atarietako irisgarritasunaren arazo historikoa, eskailera berriak eta arrapala berri guztiz irisgarria sortuz.