Amorebieta-Etxanoko Udalak ikasteko gela bat irekiko du irailean Konbenio kalean

2019/08/28
• Gelan 21 lagun sartzen dira eta astelehenetik igandera zabalik egongo da 08:00etatik 0:00etara. • Martxan jartzeko Konbenio kaleko 10. zenbakian dagoen lokala egokitu egin beharko da. • Lanak egiteko bi hilabete beharko dira eta 40.000 euroko inbertsio bat.

Amorebieta-Etxano, 2019ko abuztuaren 28a. Amorebieta-Etxanoko Udalak ikasteko gela berri bat martxan jarriko du ikasturte hasieran. Gela hau astelehenetik igandera 08:00etatik 0:00etara zabalik egongo da, herrian sortzen diren beharrei erantzuteko. Instalazioak Konbenio kaleko 10. zenbakian dagoen lokalean jarriko dira. Erabilera berri hau emateko, lokala egokitu egin beharko da.

Jada, martxan diren lanek bi hilabete iraungo dute eta emaitza 21 lagunentzako ikasgela bat izango da (lauk gune independentea izango dute). Ikasteko toki bakoitzak bere argia izango du, entxufe bat eta USB hargune bat. Gainera, instalazioek egokitutako komun bi eta biltegi bat izango dute. Lokala Udaltzaingoarekin konektatuta egongo da bideozaintza kamera baten bidez eta atea irekitzeko hurbiltze-txartel bat beharrezkoa izango da.

Udalak 40.000 euro erabiliko ditu egungo lokala ikasteko gela bihurtzeko. Hainbat egokitzapen egin beharko dira: sistema elektrikoa, argiztapena, iturgintza-lanak eta aireztapen eta berogailu sistema egoki bat ere jarri beharko dira.