Udalak ibilbide parte-hartzaile bat antolatu du genero ikuspegitik udalerria aztertzeko

2018/05/08
• Ibilbidea maiatzaren 11n egingo da. Udaletxeko plazatik irtengo da 17:00etan. • Udalerrian zertzuk hobetu daitezkeen antzeman nahi da, Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrerako. • Helburua da etorkizuneko hiri antolamendua zehaztea, hirigintza inklusibo baten ikuspegitik.

Amorebieta-Etxano, 2018ko maiatzaren 8a. Amorebieta-Etxanoko Udalak herria hobetzeko pauso bat gehiago emango du.

Horretarako, genero ikuspuntua txertatu du Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO). Baina ez du bakarrik egin nahi. Zeregin honetan herritarrak eta eragile sozialak bidelagun izan nahi ditu, hirigintza inklusiborako hauen esperientzia eta errealitatea kontuan hartzeko.

Duela gutxi Udalak herritarren parte-hartze prozesu bat martxan jarri zuen. Zornotzarrek informazioa eman zuten genero ikuspegitik Amorebieta-Etxanon izan daitezkeen arazo, beharrizan eta irtenbide posibleei buruz, galdetegi bati erantzunda eta hainbatekin izandako elkarrizketekin.

Orain Udalak ibilbide parte-hartzaile bat antolatu du. Bertan egongo dira lehenengo fasean parte hartu zutenak, elkarrizketetan zein galdetegietan, teknikariak eta udal ordezkariak eta baita parte hartu nahi duten herritar guztiak ere. Ibilbidea maiatzaren 11n egingo da. Udaletxeko plazatik irtengo da 17:00etan.

Ibilbideak hobetzeko aukerak antzemateko balioko du, hirigintza inklusiboaren ikuspegitik. Azken batean herri hobe bat izan nahi da, inklusiboagoa.

Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra funtsezko tresna da Amorebieta-Etxanoren etorkizuna zehazteko. Horregatik, egingo diren ekarpen guztiak garrantzitsuak izango dira herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta ikuspuntu guztietatik irisgarriagoa izateko (segurtasuna, azpiegiturak zein zerbitzuak).

HAPO
Etorkizunean herriak izango duen hiri antolamendua zehaztea oso lan teknikoa da eta bertan jasotzen dira bai lege arloko kontuak eta baita hainbat sektore plan ere.

Era berean, bestelakoak ere kontuan izan behar dira, esaterako desgaitasunen bat dutenak (mugikortasun urria, itsuak, etab.), menpekoak, adin nagusiak, umeak, etab. hiria diseinatu eta zehazterakoan, eta guzti hori genero ikuspuntua abiapuntu hartuta. Honi “hirigintza inklusiboa” deitzen zaio. Hiria aztertu eta proiektatzeko modua zabaltzen duen ikuspegi bat da azken batean.

www.amorebieta-etxano.eus