Amorebieta-Etxanoko Udalak enplegua sortu eta lan baldintzak hobetzearen aldeko apustua egin du

2017/12/22
• Lantokia Amorebieta-Etxanon izan eta herriko langabetuak kontratatzen dituzten enpresa edo erakundeei 4.000 eurora arteko diru-laguntzak emango zaizkie. • Aldi baterako kontratu bat kontratu mugagabe bihurtzen dutenei edota lanaldia gutxienez %50era handitzen duten enpresa edo erakundeei ere diru-laguntzak emango zaizkie. • Udalak autoenplegua ere diruz lagunduko du eta 4.000 eurora arteko laguntzak emango ditu. • Aurten aldatu egin dira oinarriak eta urteko azken hiruhilekoan egindako eskariek 9 hilabetera arteko laguntza eskuratu dezakete kontratazioen kasuan eta 6 hilabetera artekoa autoenpleguaren kasuan.

Amorebieta-Etxanon, 2017ko abenduaren 22an. Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko enpresetan enplegua sortu eta herritarren lan baldintzak hobetzearen aldeko apustua egin du.  Helburu honekin, Udalak lantokia Amorebieta-Etxanon duten eta herriko langabetuak kontratatu edota aldi baterako kontratu bat behin betiko kontratu bihurtzen duten edo lanaldia %50era handitzen duten (lan baldintzak hobetuz) enpresa edo erakundeei diru-laguntzak ematea onartu du.   Era berean, gutxienez 6 hilabetez enpresa ekimen bat gauzatzen duten langabetuei diru-laguntzak ematea arautzen da.

Kontratatzen direnak zein ekintzaileak Amorebieta-Etxanon erroldatuta egon behar dira azken 5 urteetan etenik gabe edota azken 15 urteetan jarraian ez bada ere.

Diru-laguntza hauek 2013. urtetik indarrean daude. Lehenengo hiru urteetan diru-laguntza kontratatu edo lanaldia handitzerakoan bakarrik ematen zen baina 2016tik negozio berriak sortzerakoan ere ematen da. 2016an 60.000 euro inguru bideratu dira mota honetako laguntzetara eta aurten ere antzeko zenbatekoa izango da.

Orain arte diru-laguntzak eskaria egin osteko hilabeteetarako laguntza bakarrik ematen zuen, betiere urte horren barruan. Aurten aldatu egin dira oinarriak eta urteko azken hiruhilekoan egindako eskariek 9 hilabetera arteko laguntza eskuratu dezakete kontratazioen kasuan eta 6 hilabetera artekoa autoenpleguaren kasuan.

Laguntzak
Laguntzen zenbatekoari dagokionez, kontratazioen kasuan Gizarte Segurantzako gastuak estaltzeko erabiliko da, honela:

  • Amorebieta-Etxanoko enpresek egiten dituzten kontratazioak, langabetuak kontratatuz edota aldi baterako kontratuak behin betiko bihurtuz: diru-laguntza gehienez ere 4.000 eurokoa izango da.
  • Lanaldia handituz gero, Gizarte Segurantzaren kuota zenbatean handitu den ikusiko da eta hori izango da diruz lagunduko dena, gehienez ere 4.000 eurora arte.
  • Kontratatu diren langileak langabetuak izateaz gain, diru-sarrerak bermatzeko laguntza jasotzen badute, diru-laguntza 5.000 eurora artekoa izan daiteke.  

Kontratu berriek gutxienez 3 hilabeteko iraupena izan behar dute eta lanaldia %50 edo gehiagokoa. Era berean, gastuak kontratatu, kontratua aldatu edo lanaldia handitu osteko 12 hilabeteetan gauzatu beharko dira.

Bestalde, negozio berriek gehienez ere 4.000 euroko diru-laguntza jasoko dute. Diru hau Gizarte Segurantzako gastuetarako erabil daiteke edota burutuko den jarduerarako material teknikoa eskuratzeko.  

www.amorebieta.eus