Udalak egitarau zabala antolatu du Amorebietako Konbenioaren 150. Urteurrena ospatzeko

2022/04/29
• Amorebietako Konbenioa 1872ko maiatzaren 24an sinatu zen, azken Gerra Karlistaren hasieran. • Andoni Agirrebeitia alkateak azaldu duen moduan, antolatutako jarduerekin zornotzarrei garai hartan Amorebieta-Etxanon eta Euskal Herrian bizitutakoa gerturatu nahi zaie.

Maiatzaren 24an 150 urte beteko dira Amorebietako Konbenioa sinatu zenetik, azken Gerra Karlistaren baitan. Amorebieta-Etxanoko Udalak egitarau zabal batekin ospatu nahi du gertaera historikoa, zornotzarrek konbentzio honen inguruko xehetasun guztiak izan ditzaten.

Gaur egindako aurkezpenean, Andoni Agirrebeitia Abendibar alkateak gogorarazi du garai hartan Amorebieta-Etxano negoziaziorako funtsezko herria izan zela: «gure herrian karlisten eta isabeldarren bandoek sinatu zuten akordioak babesik izan ez zuen arren, negoziazio-ahalegin hori gertaera historikoa izan zen azken Karlistaldian. Aurten 150 urte beteko dira konbentzio hartatik, eta gure arbaso zornotzarrek bizitakoa gogora ekarri nahi izan dugu hainbat ekitaldiren bidez. Programazioa maiatzaren 1etik 24ra luzatuko da, azken egun horretan sinatu baitzen konbentzioa».

Kultura eta Kirol zinegotzia den Luciano Martinezek azaldu duen bezala, datozen asteetan ez da jarduerarik faltako: «programazio zabala prestatu da, helburua baita hainbat formaturen bidez, adin guztietako publikoarengana iristea. Hitzaldiak, musika emanaldiak eta antzezlanak, haur eta gazteentzako jarduerak, erakusketa bat eta liburu argitalpen bat izango dira. Xehetasun guztiak mimo handiz landu dira, eta ikerketa-lan handia egin da, jarduera bakoitzak 1872ko maiatzaren 24an gertatutakoa ahalik eta modu zehatzenean isla dezan».

Erakusketa eta liburua, xehetasun guztiekin
San Miguel kalean egongo da Amorebietako Konbenioaren inguruko erakusketa, programaren ardatz nagusietako bat izango dena. Zornotzar guztiei zabalik egongo da maiatzaren 2etik 24ra, eta Patxi Gonzalez aktoreak, programazioaren koordinatzaileak, azaldu duen bezala, hainbat elementu izango ditu: «nagusienetako bat, zalantzarik gabe, hitzarmena sinatu zen jatorrizko mahaia izango da, pribilegio bat izango da ikusgai egotea. Horrez gain, erakusketak garai hartako Amorebieta-Etxano nolakoa zen irudikatzen lagunduko du, maketa baten bitartez.  Eta nola ez, informazio-panelak ere egongo dira, zehazki zortzi; bertan azalduko da Karlistaldia bera, Konbenioa sinatu arte».

Era berean, Gonzalezek azaldu duen moduan, liburu bat ere idatzi da: «bertan, garai hartan Euskal Herrian eta, zehazki, Amorebieta-Etxanon gertatutakoa kontatzen da. Amorebietako Konbenioari buruzko xehetasun guztiak jakin nahi dituzten pertsonek bertan aurkituko dute informazio guztia; erakusketan bertan egongo da salgai».

Hiru hitzaldia
Egitarauaren baitan antolatutako hiru hitzaldiak Amorebietako Konbenioari buruzko beste informazio-iturri bat izango dira: Jesus Arratek orain arte kontatu gabeko historia gerturatuko die zornotzarrei;  Joseba Agirreazkuenagak hitzarmenaren ondorengo bost urteak azalduko ditu, sinatzen denetik Euskal Foru Gobernuaren desegitera arte; eta Mikel Urquijok 1868 eta 1876 urteen artean liberalek eta karlistek demokraziaren aurrean izan zuten jarreraz hitz egingo du.

Antzezlanak eta musika emanaldiak
Patxi Gonzalezek azaldu duenez, programazioaren beste ardatz nagusietako bat ospakizun honetarako enkargatutako antzezlana izango da: «obra garai hartan gertatutakoarekin bat dator, lan sakona egin dugu kontatzen dena ahalik eta errealena izan dadin». La paz esteril edo Bake antzua izenburupean, euskaraz zein gaztelaniaz ikusi ahal izango da. Besteak, Martin Zalakain izenburu duenak, euskal abenturazalearen bizipenak kontatuko ditu dantza, antzerki eta musika ikuskizun baten bidez.

Halaber, bi musika emanaldi ere izango dira. Joseba Tapiak Gerra Karlisten garaiko bertsoak abestuko ditu, gehienak berak musikatuak, Eta tira eta tunba izeneko emanaldian. Egitarauaren barruan, Behotsik Orkestrak ere joko du, Aritz Labrador zornotzarrak zuzenduta.

Eta xake kalejira ere izango da, zornotzar boluntarioen eskutik: fusilari jantziekin aterako dira. Kontzertu bat ere izango da, Anakataldearen eskutik.

Hiru pelikula
Zornotza Aretoak gaiaren inguruan bereziki programatutako hiru zine saio ere eskainiko ditu. La crónica de la Guerra Carlista filmak 1922ra eramango ditu herritarrak, eta bertan Bilboko egunkari liberal bateko zuzendariak eta boluntario karlista ohi batek gaztaroko garaiak gogoratuko dituzte. Santa Cruz, el cura guerrillero pelikulak Juan Auzmendiren istorioa kontatuko du; herri txiki bateko sakristaua izanik Ameriketara emigratzea erabaki zuen Auzmenik, erronka berrien bila; aurretik ordea, gerra zibilean murgilduta bizi zen herri batek markatutako gertaera ezberdinak jasan behar izan zituen. Azkenik, Por Don Carlos filma ikusteko aukera izango da, Euskal Herrian filmatutako fikziozko lehen film luzeetako bat, garai ezberdinetatik bizirik atera dena; Allegria kapitainaren abenturak kontatzen ditu, Don Carlos Borboikoaren zerbitzura zegoen estratega bat, Espainiako errege izateko borrokan.

Ginkana haur eta gazteentzat
Udalerriko haur eta gazteek ere Amorebietako Konbenioaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte ginkana formatuan; Ludotekan eta Gaztetxokoan izango dira, hurrenez hurren.

Esker hitzak
Amaitzeko, Andoni Agirrebeitia alkateak esker oneko hitzak izan ditu Amorebieta-Etxanok egun hura modu honetan oroitzea ahalbidetu duten pertsona guztientzat: «eskerrik asko guztioi zuen gogo eta lan onagatik. Eskerrik asko Patxi Gonzalezi, gaur aurkeztu dugun jarduera bakoitza sustatzeagatik eta koordinatzeagatik. Eta nola ez, eskerrik asko Josean Goiriari Amorebietako Konbenioa sinatu zen mahaia dohaintzan emateagatik. Luxua izango da erakusketa honetarako edukitzea, eta are gehiago zornotzarren ondare bihurtuko dela jakitea».

AMOREBIETAKO KONBENIOAK 150 URTE - EGITARAUA