Udalak diru-laguntzak emango ditu eskolako materiala erosteko

2018/09/13
• 35.000 euro baino gehiagoko errentarik ez duten familiek diru-laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte. • Eskolako materiala Amorebieta-Etxanoko dendetan erosi beharko da. • Oinarriak betetzen dituzten interesdunek euren eskaera aurkeztu ahal izango dute udaleko HAZ-an.

Amorebieta-Etxano, 2018ko irailaren 13a. Amorebieta-Etxanoko Udalak eskolako materiala eskuratzeko herrikoentzat diru-laguntzak ematea onartu du. Datozen asteetan, behin ordenantza indarrean sartu ondoren, Udalak zornotzarrei horren berri emango die, oinarriak azalduz eta eskariak aurkezteko epea zein den esanez. Hezkuntzan aukera berdintasun printzipioa gauzatu dadin, Udalak beharrezkoa ikusten du haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasleei eskolarako beharrezko materiala eskuratzea errazteko neurriak martxan jartzea.

Horrela, diru-laguntza hau eskuratu ahal izango dute familiaren errentak 35.000 euro gordin gainditzen ez dituztenek.  Lau pertsona edo gehiago dituzten familia unitateentzat muga hori 40.000 eurokoa izango da. Diru-laguntzaren zenbatekoari dagokionez, 20 eta 80 euro artekoa izango da, familia unitate bakoitzaren errentaren arabera. Diru-laguntzen eskaerak Udaleko HAZ-n egin beharko dira urte amaiera arte.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren xedea Amorebieta-Etxanoko udalerriko establezimenduetan eskolako materiala eskuratzea estaltzea da.  Materialaren barruan sartzen dira papertegiko artikuluak, uniformeak, betaurrekoak eta arropa, baita eskulanetarako materialak ere beste batzuren artean.