Udalak Arau Subsidiarioetan behin betiko aldaketa bat onartu du, San Pedro eta Nemesio Bikandi kaleen ingurunea hobetzeko

2022/07/19
• Udalak, aldaketa eremuan bizi diren pertsonak kontuan hartuta egin du, bi helburu betez: erantzuna ematea inguru honetan bizi diren herritarrei eta hirigintza aldetik eremua hobetzea.

Amorebieta-Etxanoko Udalak behin betiko onarpena eman zion pasa den ostiralean izan zen Osoko Bilkuran, uztailaren 15ean, Arau Subsidiarioetan aldaketa bat egiteari, UE-E unitatearen parametroak berrikusteko helburuarekin. Unitate hau Kasko zonaldeko bizitegi-guneko ordenantzaren parte da, zehazki, San Pedro kaleari dagokio, Zelaieta parkearen ondoan dagoen kaleari. Kasko zonaldeko hiri-lurzoruaren zati handi bat garatu ondoren, UE-E unitatea gauzatzeak zonalde honetako eraikuntza-profila osatuko luke. 

Hobekuntzak ingurunean
Anartz Gandiagak, hirigintzako zinegotziak, azaldu duen bezala, behin betiko aldaketa honi esker ingurunearen hobekuntza urbanistikoa lortu nahi da, eremuan bizi diren pertsonen beharrei erantzunez: «hirigintza mailan eta herri ereduari dagokionez, etxadia guztiz itxiko dugu eta unitate honetan urbanizatzeko falta den zatia urbanizatuko dugu. Eta herritar zornotzarra erdigunean jarrita, aldaketa honekin irtenbidea emango diogu gaur egun azpi-etxebizitzetan bizi diren bizilagunen egoerari, igogailurik gabeko etxebizitza zaharrei, irisgarritasun-arazo asko dituzten etxeei, isolamendu-baldintza egokirik ez dutenei... Era berean, Amorebieta-Etxanon etxebizitza jasangarriaren eta energia-efizientearen eskaintza zabalduko dugu». Horrez gain, gaur egun, Arau Subsidiarioek eremuari ematen dioen gehieneko eraikigarritasuna fisikoki bete ezina da, eraikin berri honek barruko patioak beharko lituzkeelako.

Gainera, denboraren poderioz, etxadi horretako eraikinen zati bat hustu egin da; eta eraikin horiek erdi mailako kontserbazio-egoeran edo egoera txarrean daude. Horiek ordezkatzeko, zonarekin bat datozenak eraiki beharko lirateke,  fatxada unitarioa mantenduko luketenak. Solairuen kopuruari dagokionez, gaur egungo altueren arteko aldea nabarmentzeko da, lau solairutik zortzi solairura bitartekoa. Udalak aurreikusitako jarduketa bakar horrek egungo eraikin mugakideekiko trantsizioa konponduko luke.

Arau Subsidiarioen aldaketa puntualak etorkizuneko kudeaketaren ikuspuntutik garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk ere kontuan hartzen ditu: egikaritze-unitatea handitzea eta bi eraikin mugakideak eranstea, erremate hobea lortzeko.