Udal zergak eta tasak izoztuko ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak 2015ean

2014/09/23
• Udal kudeaketaren aurrekontuen eta ekonomiaren zorroztasunak ematen du horrelako neurriak hartzeko bidea. • Horrela, iraunarazi egingo zaio 2014an adostutako neurriari.

Amorebieta-Etxano,  2014ko irailaren 23a. Amorebieta-Etxano Udalak aho batez erabaki du 2015eko ekitaldirako udal zerga, tasa eta prezio publiko guztiak izoztea.

Besteak beste direla, Ondasun Higiezinen gainerako Zergari, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergari, establezimendu berriak zabaltzeko irekitze-lizentziari, horniduraren eta saneamenduaren gaineko tasei eta jabari publikoa okupatzeagatiko tasei (terrazak, mahai-aulkiak...) eragingo die neurri honek.

Kirol sailak eta Ametx kultura erakundeak ematen dituzten zerbitzuengatiko prezio publikoak ere izoztu egingo dira 2015erako eta, gainera, udalerrian erroldatuta dauden langabetuek euskara ikazteko dituzten hobariak ere bere horretan mantenduko dira.

Udalerriko bizilagunei eragiten dieten zergak aldatu gabe mantentzeko, aurtengo ekitaldirako aho batez adostu zen neurriari eutsiko dio horrela Amorebieta-Etxanoko Udalak 2015erako ere.

Funtsezkoa izan da erabaki hori hartzeko, erakundearen ekonomia eta finantza egoera. Horren adierazlea da aurten aurreikusita zegoen guztirako diru-bilketaren % 61 exekutaturik egotea dagoeneko.