Udal ordezkariek pebeteroa piztu dute, 1937ko maiatzaren 18ko biktimen omenez

2022/05/18
Ekitaldia Zelaieta parkean izan da, eguerdiko 12:00etan.

Amorebieta-Etxanoko Memoria Historikoa, 1931tik 1945era, Gerra Zibilaren aurreko eta ondorengo urteek, lantzen ari da Udala azken egunotan. Gaurkoa, maiatzaren 18a, egun seinalatua da. Izan ere, 1937ko maiatzaren 18an, Amorebieta eta Etxano matxinatuen eskuetan erori zen. Bonbardaketaren ondoren, frankistak bertan sartu ziren.

Hori horrela, Udala ekimen ezberdinak ari da burutzen egun osoan zehar, gertatutakoa gogoratzeko. Ekitaldi nagusietako bat, eguerdiko 12:00etakoa izan da. Bonbardaketak gogorarazteko sirena zarata entzun da lehendabizi, gerra zibileko kamioi bat Zelaieta parkean kokatu da, hiru errekete gainean zituela, tropa frankisten sarreraren itxurak eginez. Jarraian, pebeteroa piztu du Andoni Agirrebeitia alkateak biktimen omenez, udal ordezkariekin batera. 

Arratsaldean, 19:00etan hasita beste bi ekitaldi garrantzitsu izango dira: batetik, aurkitutako dokumentazio guztia biltzen duen liburua aurkeztuko da: `Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan´. Ondoren, aurkezpenari erreleboa hartuko dio erakusketaren inaugurazioak; Iban Gorritirekin bisita gidatua izango da.