Sergio Monederoren Rugbylariak argazki erakusketa inauguratuko da gaur Zelaietako erakusketa gelan

2021/02/01
Erakusketa astelehen honetan, otsailaren 1ean, inauguratuko da Zelaieta Zentroko erakusketa gelan eta otsaila osoan zehar egongo da ikusgai. Lan honen bitartez, egileak “kirolak islatzen dituen giza emozioak eta sentimenduak iragazkirik gabe plazaratu” nahi izan ditu.

Amorebieta-Etxano, 2021eko otsailaren 1ean, astelehena. Zelaieta Zentroak Sergio Monedero argazkilariaren Rugbylariak argazki erakusketarekin ekingo dio 2021eko programazioari. Erakusketa astelehen honetan, otsailaren 1ean, inauguratuko da Zelaieta Zentroko erakusketa gelan eta otsaila osoan zehar egongo da ikusgai.

Erakusketa hau aurkeztu ahal izateko, egilea jokalari, tekniko eta entrenatzaile ezberdinekin aritu da jardunean. Denetara, 100 kirolari baino gehiago pasatu dira bere kamararen aurretik, hainbat elkarrizketa eginez protagonistak eta euren motibazioa hobeto ezagutzeko. Horrela, “argazki hutsetik haratago doan zerbait” lortu nahi izan du egileak.

Ez da Sergio Monederok kirolariekin lan egiten duen lehen aldia, 2017an Boxeolariak erakusketa aurkeztu zuen boxeoaren mundua argazkigintzaren bidez jasoz; “boxeoa eta errugbia indarrak garrantzi handia duen kontaktuko bi kirol dira eta lan berri honekin ere, indar hori islatu nahi izan dut”, aitortzen du.

“Kirolak iragazkirik gabe plazaratzen ditu giza emozioak eta sentimenduak, beldurra, itxaropena, edozein gizakiren adierazpen oinarrizkoenak". Hori da Bizkaiko talde ezberdinetako errugbi jokalariak agertzen dituen 15 argazki hauen benetako helburua. “Aitzakia bat besterik ez da, 2017an Boxeolariak lanarekin egin nuen bezala, kirola bera baino gehiago interesatzen zaidan zerbait islatzeko: pertsonak, haien sentimenduak eta adierazpenak”.

Erakusketarekin batera, Sergio Monederok hitzaldia eskainiko du datorren ostegunean, otsailaren 4an, 18:00etan, Zelaieta Zentroko auditorioan. Sarrera doakoa izango da baina edukiera mugatua denez, aldez aurretik izena eman beharko da zentroan bertan edo 946300650 telefonora deituz.