Seme-alaben sexu heziketaz saioa antolatu du Udalak, guraso eta tutoreei zuzendua

2021/11/12
Aurreneko saioa abenduaren 1ean izango da, Nafarroa Zentroan. Izen ematea zabalik egongo da azaroaren 25a bitartean.

Alabaren edo semearen sexu heziketan interesa duzu? Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun Sailak saioa antolatu du abenduaren 1ean, adingabeen gurasoei eta tutoreei zuzendutako heziketa-espazioaren barruan. Programaren helburu nagusia da seme-alabekin sexualitateari buruz hitz egiten ikastea: gure tabuak eta haienak gainditzea, haien beharrak ezagutzea, aldaketa fisikoak identifikatzea, autoestimua lantzea, nesken eta mutilen arteko harreman-ereduak aztertzea…

Ikastaroa Nafarroa Zentroan izango da,  arratsaldeko 18:00etan, eta parte hartu nahi duten gurasoek edo tutoreek aldez aurretik eman behar dute izena, azaroaren 25a baino lehen. Horretarako, bideak: Udaleko web orrian, Berdintasun Sailean dagoen online inprimakia beteta (hemen); aurrez aurre, Nafarroa eraikinean; 94 630 01 90 telefonora deitu eta 207 luzapena markatuta; edo emailez, berdintasuna@amorebieta.eus helbidera idatzita.

Beste bi saio, maiatzera bitartean
Adingabeen gurasoei edo tutoreei zuzendutako hezkidetza-espazioaren baitan, Udalak beste bi saio antolatu ditu ikasturte honetan: martxoaren 2an, LGTBIQ+ sexu dibertsitatea, gure seme-alaben kontua ere bada izenburupean, gurasoentzat eta tutoreentzat tresnak eta proposamenak landuko dira; eta maiatzaren 4ko saioan, Pornoaren eta sare sozialen `sexu heziketa´ indargabetu izenpean, gaur egungo errealitatea ezagutu eta honen inguruko aholkuak jasoko dituzte gurasoek eta tutoreek.

Hezkidetza-espazio hau 2021-2022 Jabekuntza Programaren barruan bideratu du Berdintasun Sailak, eta nahia da, gurasoek eta tutoreek hausnarketarako eta formaziorako bilgune bat izatea.